Argindar sarearen garraioari buruzko zatian, Nafarroari eskainitako atala dago. Industria Ministerioak baztertu egin du Muru Artederreta eta Gasteizko azpi-estazioak batzeko Lizarraldea eta Arabako Mendialdea zeharkatuko lituzkeen linea egitea. "Ingurumen arazoak eta gizarte oposizioa" argudiatzen ditu horretarako. Horren ordez Orkoien eta Itsaso lotzen dituen 2. linea 220 kV izatetik 400 kV-koa izatera pasatzea proposatzen du. Linea hori Sakanara Arakildik sartu eta Etxegaratetik ateratzen da. Industria Ministerioaren arabera "konponbide horrek aurreko aukeraren ingurumen inpaktua murrizten du konponbide honek eta argindarra garraiatzeko sistemaren fidagarritasuna mantentzen du". ZergatiakRed Electrica Española (REE) da argindarra banatzeaz arduratzen den enpresa. Handik jakinarazi digutenez, "ministerioaren plangintzan onartutako linea ezinbestekoa da Euskal Autonomi Erkidegoko argindar horniduraren bermea eta kalitatea hobetzeko; garraio sarea indartzeko eta harakin banaketa; bestetik, bereziki Nafarroako haize errotek sortutako energia garraiatzeko balioko du. Gainera, iparraldea eta Levante aldea lotuko ditu eta hurrengo urteetako hornidura bermatuko du". REEk azaldu digunez Orkoien-Itsaso arteko 2. linea 400 kV-eko zirkuitu bikoitzeko bihurtuko da (3 konduktoretik 6ra pasako litzateke). Horretarako gaur egun dagoen pasabidea erabiltzea aurreikusten du REEk, "inguruan duen eragina murrizten saiatuz". Gaur egun dauden dorreak beste batzuengatik aldatuko lituzkete, "altuagoak eta banatuagoak egonen dira. Linea zuhaitzen gainetik joanen da eta ez da zuhaitz mozketarik egin beharko". REEtik azaldu digutenez, linea berriaren eragina murrizteko ikututako administrazioei informazioa eskatuko diete, "bereziki udalei". REEk azaldu digunez, 2. linea indartzeak ez du ekarriko Arakildik sartu eta Lizarrustitik barna doan linea kentzea. "Dagoen bezala geldituko da bestea. Linea independenteak dira eta sistemaren segurtasunagatik biak egotea beharrezkoa da. Matxura edo mantenu lanak egin behar badira, batak bestea ordezkatuko luke". ProzeduraREEk argitu nahi izan digu linea indartzeko prozedura hasi berri dela. REEk oinarrizko txostena eginen du. Han dauden alternatibak zehaztuko ditu tramitazioa martxan jartzeko. Agiri hori 2011ko lehen hiruhilekoan jendaurrean jarriko da eta jasoko dituen komentario eta alegazioekin aurreproiektua eta ingurumen eragin txostena eginen dira. Biak ere jendaurrean jarriko direnak. Horren ondoren behin betiko onartuko litzateke. Tramitazioan zehar REE administrazioak parte hartzeko borondatea azaldu du.Orkoien eta Itsaso arteko lineak 63 km-ko luzera du.