Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean Gabonetako Aizkolari Txapelketako lehendabiziko edizioa hartu zuen Leitzako Amazabal frontoiak. Eguraldi oso hotzari aurre eginez zale dezente bildu ziren Leitzan. Zortzi aizkolari aritu ziren lehian. Hasiera batean Goizeder Beltza etxarriarra aritzekoa zen, baina ezin izan zuen eta bere lekua Iban Resano dorrobarrak bete zuen. Berarekin batera Ander Erasun, Julen Kañamares, Oihan Larretxea, Xabier Mindegia, Asier Pellejero, Arkaitz Olano eta Ruben Saralegi aritu ziren lanean. Hasiera batean bakarka neurtu ziren, zeinek 45 ontzako enborra azkarrago moztu, eta denetara bi saio galtzen zituena kanpora joaten zen. Horrela joan ziren aizkolariak kanporatuz, tartean Iban Resano, bukaeran bi geratu ziren arte, Oihan Larretxea eta Arkaitz Olano. Finalean bakoitzak bi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen eta garaipena etxean geratu zen, Olano leitzarra izan baitzen finagoa.