Gabonak badatoz eta berarekin batera familia eta lagunartean egoteko aukera. Afariak, bazkariak eta gonbiteak nonnahi jasotzen ditugu egunotan. Orain dela urte pare baterarte telebista guztietan Espainiako Erregea agertzen zen, horrelako jaiekin batera, "orgullo eta satisfaccion" zer ematen zion esaten. Ondoren langabezia, terrorismoa eta Espainiaren kanpo misioei buruz hitz egin ohi zuen. Beti berdin. Leku guztietan. Zorionez euskaldunok bagenuen aukera zappinga egin eta Mr. Bean ikusteko ETB1ean. Nahiago umorista bufoia baino.Orain, baina, LDTaren kontu guzti honekin ETB ikusteko zailtasunak ditugu Nafarroan. Oraindik ere seinale analogikoa jaso daiteke, baina telebista askotan aukera hau kenduta dago dagoeneko. Ez dut uste LDTan dauden hogeitapiko katetan agertuko denik Borboia, baina badaezpada nik gomendio bat emango dizuet telebista aurrean egon nahi baduzue eta Erregea ez ikusi: Olentzero, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots ikusi ahal dituzue Hamaika Telebistan.Euskaldunok egunkariak sortu ditugu informazioa gure hizkuntzan jaso ahal izateko (esku artean duzun hau da horren adibide), irratiak gure hizkuntza entzuteko, webguneak euskaraz nabigatzeko... baita telebistak ere. Momentuz Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat lekutan ikus daiteke Hamaika Telebista, baina interneti esker guztion esku dago http://www.hamaika.tv helbidean. Ez da broma: gure herriaren errealitate ezberdinen inguruan informatzen duen telebista euskalduna ikusi ahal izatea.Nafarroan gatazka ederra dugu LDTaren lizentzien inguruan. Gobernuak ez ditu erraz ematen eta zaila da plataforma honetan modu "pirata" batean emititzea. Horregatik gauza asko aldatu behar izango dira Hamaika bezalako proiektuak telebistara iritsi arte. Hori ez da aitzakia baina! Nahi duguna eskuratzeak lan bat suposatzen du eta lan hori kasu honetan sinplea da: Internetetik telebista ikustea. Posible da; geroz eta gehiago egiten da. Ez al ditugu bada bideoak ikusten YouTuben? Edo serie zaharrak seriesyonkis-en eta filmeak cinetube-n ikusten hala? Nik bai, behintzat. Bada! Gabon-gauean mezu berezia ikusi ahal izango dugu guztiok helbide horretan. Oraindik ez dakit ordua, baina zurrumurruek diote erregearen mezuaren ordu berean izango dela. Olentzerok mezua emango du eta horretarako Euskal Herriko pailazo ezagunenen laguntza izango du. Porrotxen jarraitzaile garenok badakigu ez dituela mezuak umeentzako soilik ematen. Guraso, aiton-amona eta anai-arreba zaharrok ere badugu zer ikasi berarekin. Mr. Beanekin esaten nuen: nahiago umorista bufoia baino. Orain esan beharko dut: askoz nahiago pailazoa bufoia baino. Itzali telebista, piztu Internet!Galder Gonzalez Larrañaga