Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ilbeltzetik aurrera Sakanako Mankomunitateak uraren kontsumo erreziboak bidaltzen hasiko da. Mankomunitatearen Ur Zerbitzuak orain arte ura herrietako ur biltegietara eramateaz arduratu da. Uraren Zerbitzu integrala eskaintzearekin batera, behe-hornidura eskainiko du. Hau da, herrietako ur hornidura sareak mantentzea eta ur kontagailuak kontrolatzea. Sakanako Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiriak jakinarazi digunez, Arakil, Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo herritarrak izanen dira mankomunitatearen erreziboak jasoko dituztenak. Sakanako Mankomunitateko buruak azaldu digunez, Altsasuko Udalak erabakia hartzeko urte bat eskatu du. Olatzagutian orain arte udalik ez denez izan ez dute harremanik izan. Aurki jarriko da Zubiria Juan Zufiaurre alkate berriarekin harremanetan. Ergoiena eta Ziordia gaia aztertzen ari dira. KanpoanIrañeta, Uharte Arakil, Arruazu eta Etxarri Aranatz mankomunitatearen Ur Zerbitzutik kanpo daude. Herri bakoitza bere iturburutik hornitzen da eta ez dute sartzea aurreikusten. Sakanako Mankomunitateko presidenteak esan digunez salbuespena Arruazu izan liteke. Urdalurko ura daraman sarea Ihabarreraino luzatuko denez, agian zerbitzuan sartzea aztertuko lukete.Altsasuren jarreraAltsasuko Udalak urte bat atzeratu du uraren behe-hornidura eskuduntza hori Sakanako Mankomunitatearen esku uztea. Altsasuko Udalak ur zerbitzua berak kudeatzea 310.308,38 euro kostatzen zaio eta 320.600 euroko irabaziak ditu. Beraz, udalak kudeatuta zerbitzua %73,12an autofinantzatzen da. Altsasuko Udalarendako zerbitzu horren kudeaketa egokia da eta uste hori dute herritarrek. Zerbitzua Mank-en esku uztearekin hurbiltasuna galduko litzatekeela uste du udalak. Bestalde, Altsasuko Udalak %45eko aldea ikusi du mankomunitateak uraren goi-horniduragatik fakturatzen dionaren eta berak behe-horniduran fakturatzen duenaren artean. Horregatik, bere ur kontsumo erreala jakiteko Altsasuko Udalak erabaki du bere eraikin guztietan kontagailuak jartzea. Handik jasotako datuekin benetako aldea zein jakinen du udalak eta orduan hartuko du erabakia.