Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanak gaur egun bizi duen egoera sozio-ekonomikoaren aurrean eskualderako planik ez dagoela esan du ezker abertzaleak. Ibarreko "garapen osoa eta orekatua" bulkatuko duen tresnarik ez dagoela nabarmendu du eta "behingoz" Sakanako garapen partzuergoa bultzatu behar dela azpimarratu du ezker abertzaleak. "Hausnarketarako guneak behar dira eta egoera larri honi aurre egiteko gure indar instituzional eta sozial guztiak batuko dituen estrategia behar dugu". Bi oinarriEgungo egoerari alternatiba eraikitzeko ezker abertzaleak proposatu du, batetik, "lanpostuen alde eta Sakana ahaztua eta utzia ez izateko mobilizazio soziala eta borroka". Eta, bestetik, "indar instituzional, sozial eta ekonomikoak batuko dituen estrategia komuna". Partzuergoaren egitekoa litzateke hori. Ezker abertzalearen iritziz partzuergoaren bidez "etorkizuneko apustuak eta aukerak identifikatu, helburuak definitu eta Sakanarako garapen eredu integrala eta estrategikoa adostu" beharko lirateke. Ondoren, hartu beharreko neurrien gainean eztabaidatzea proposatzen du. Horien artean proposatzen ditu: sektore publikoaren aldeko apustu garbia egitea; ehun ekonomikoaren aktibazioan aurrezki kutxek parte hartze aktiboa izateko parametroak planteatzea; prestakuntza planak egituratu eta Lanbide Heziketako ikastetxearekin elkarlana bulkatu; I+G gunean zabaldu edota eskualde eta inguruko enpresekin lankidetza hitzarmenak proposatzea. Bestalde, Nafarroako Gobernuak ibarraren egoera sozio-ekonomikoa hobetzeko neurri hartu ditu (Fluiteknik, Sunsundegi...) Ezker abertzalearen iritziz "Sakanari kasu egiteko oinarria langileek aurrera eraman duten borroka" izan da.