Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Alvaro Mundiñanoren margolanak munduan barna barreiatu dira azken urteetan. Iruñerrian, Iparralden, Kolonbian, Mexikon, Japonian... Etxarri Aranazko margolariaren lanak batean eta bestean egon dira. Bere sorterrian, Sakanan, berriz, denbora asko da ikusi ez ditugula. Horretarako aukera izanen dugu gaurtik aurrera Arbizuko Karrika tabernan. Arbizuko tabernako jantokian lekua eginen diete Alvaro Mundiñanoren margolanei. Etxarriarrak 15 bat koadro ekarriko dituela iragarri du. "Denetarikoak dira: paisajeak, erretratuak, bodegoiak... Estiloari dagokionez ere, aniztasuna da nagusi: koadro batzuek surrealismo kutsua dute, beste batzuk, berriz, hiperrealistak dira" jakinarazi digu. Etxarri Aranazko margolariak bere ibilbidean egindako zenbait margolan ekarriko ditu. "Azkenetariko koadro bat ere izanen da, Iruñea Kultur Hiri izateko hautagaitzaren kritika" aurreratu du. Etxarriko margolariaren lana Arbizun egonen da otsailaren 20ra arte. Etxeko margolaria ezagutzeko aukera ederra da.