Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urteari agur eta kaixo esateko modu asko daude, eta mendira jotzea da horietako bat. Abenduaren 31n, urteko azken egunean, hala egin zuten gure mendizaleek. Urte zaharrean Aizkorri, Erga eta AralarAltsasuko Mendigoizaleak taldekoak Aizkorrira jo zuten urtea despeditzera, baina Irurtzun eta Arakil aldekoak, aldiz, Ergako Trinitatea aukeratu zuten. Goizean goiz Pikuxarren txokolate beroa gosaldu eta gero, Ergako Trinitateko bidea hartu, eta goian hamaiketako ederra egin zuten, txistorra, ardoa, txanpaina eta guzti. Lakuntzan, nobedade moduan eta Zabalartek antolatuta, Aralar aldera jo zuten urtea despeditzera. Urte berrian Aralar, Bargagain eta BeriainUrte berriari ongietorria ematearren, ilbeltzaren 1ean mendizale askok jo zuten Aralarrera eta Beriainera, eguraldia lagun. Horretaz gain, aipatzekoa da hiru zita nagusi izan zirela gurean. Etxarriko Karrikestu elkarteak antolatuta, ilbeltzaren 2an ibilbide ederra egin zuten Beriainen barna. Unanutik barna Goñiko gainera jo, Beriainera heldu eta horrela hasi zuten urtea. Bestalde, eta Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatuta, urteko lehen igandean Bargagain izan zuten helmuga mendizaleek. Altsasuarrei Sakanako beste mendizale batzuk bildu zitzaizkien. 60 mendizale inguru bildu ziren Bargagaineko gurutzean, eta han ongietorria eman zioten urteari. Antolatzaileek auzate ederra eskaini zuten: txistorra, ardoa, txanpaina, konpota, turroia... Nahiz eta eguraldia euritsu eta lainotsua izan, giro ederra izan zen, Satur Leozen txistu doinuak lagun. Eta ezin ahaztu errege egunean, ilbeltzaren 6an, Sakanako Mendizaleak taldeak Beriainera joateko deialdia egiten duela. Ibarreko mendizale gehienek erantzun zioten deialdiari, eta Sakanako mendi klubetako kideak Beriaingo San Donato ermitan bildu ziren, auzate ederra egiteko, txanpaina eta guzti.