Sakanako pilotari onenen txanda

Guaixe 2011ko urtarrilaren 14a

Sakanako pilota klubek elkarlanean antolatutako 2010eko Sakanako Pilota Txapelketa azken txanpan dago. Hain zuzen ere final handiak bihar jokatuko dira, larunbatean, ilbeltzaren 15ean, goizeko 10:00etatik aurrera Arbizuko kiroldegian. Zehatzago esanda, txikien, umeen, kimuen eta haurren 2. mailako finalak atzeko frontoian jokatuko dira, eta besteak aurrekoan. Txapelketaren helburua da Sakanako klubetan jokatzen duten pilotariei txapelketa batean parte hartzeko bidea ematea, euren herrietatik urrun mugi ez daitezen. Guztira Sakanako klubetako 41 bikote aritu dira lehian, maila ezberdinetan, eta kategoria bakoitzean hasierako ligaxkak  jokatu eta gero, ilbeltzaren 8an jokatu ziren finalaurrekoak. Orain finalen txanda da. Iaz Uharte Arakilen hartu zituen finalak, baina aurten Arbizuren txanda izango da. Txapelketari esker Sakanako frontoietan pilotaz gozatzeko aukera izan dute pilotariek eta pilotazaleek. Bihar final ikusgarriak espero dira eta antolatzaileek Arbizuko kiroldegira hurbiltzeko gonbitea egin diete sakandarrei, bide batez Sakanako pilota sustatzeko. FinalakTxikiak: Etxeberria-Galartza (Aldabide) / Lizarraga-Erdozia (Gure Pilota)Umeak 2: Olaetxea-Riego (Aldabide) / Iraitz-Joanes (Gure Pilota)Umeak 1:  A.Araña-Igoa (Aldabide) / Imaz-Ganboa (Aldabide)Kimuak 2: Otxoa-Igoa (Gure Pilota) / Bengoetxea-Galartza (Pilotajauku)Kimuak 1: Olaetxea-Goikoetxea (Aldabide) / Lazkoz-Nazabal (Aldabide)Haurrak 2: Gabirondo-Ramirez (Pilotajauku) / Anton-Gurrea (Bi Aizpe)Haurrak 1: Uharte-Iribarren (Aralar Mendi) / Martija-Gorriti (Bi Aizpe)Kadeteak 2: Bengoetxea - Galartza (Pilotajauku) / Gastaminza-Fernandez (Sutegi)Kadeteak 1: Lizarraga-Tollar (Bi Aizpe) /Ansotegi-Mendinueta (Aldabide)Gazteak: Ansa-Otamendi (Pilotajauku) / Juango-Kintana (Sutegi)Helduak: Alustiza-Agirre (Pilotajauku) / Ezkurdia-Arruti (Aldabide)