Euskadiko Sokatira Txapelketan ariko da Sakana

Guaixe 2011ko urtarrilaren 14a

Bihar, larunbatarekin, abiatuko da goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa, Durangon. Gizonezkoak eta emakumezkoak ariko dira lehian. Guztira 14 klub ariko dira lehian. Gizonezkoetan ez da talde sakandarrik ariko, baina emakumezkoetan, Sakana taldeak parte hartuko du. Badirudi Sakana taldeko neskek taldea osatzea lortu dutela. 540 kiloko txapelketan ariko da Sakana, eta Gasteizko Badaiotz talde sendoa eta Gipuzkoako Ibarra izango ditu arerio. Hiru jardunaldiko liga jokatuko dute, eta soilik hiru talde ariko direnez, jardunaldi bakoitza bi itzulira jokatuko da eta bietan puntuatuko da. Txapelduna hiru jardunaldiko liga jokatu eta gero erabakiko da. Iaz Badaiotzek jantzi zuen txapela (12 puntu) eta Sakana txapeldunorde izan zen (8,5 puntu). Bihar Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuak hartuko du goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa, arratsaldeko bostetatik aurrera. Tiralariek 14:00etatik 15:00era bitartean egin beharko dute pisaketa. Durangoko jaialdian gizonezkoen 680 kiloko txapelketa jokatuko da eta emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia.