Arakil-Larraun eskualderako 2.358 arrantza baimen emanen dituzte

Guaixe 2011ko urtarrilaren 12a

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak jakinarazi duenez, aurten Nafarroa iparraldean amuarrainaren arrantza sasoia maiatzaren batetik ekainaren 30era luzatuko da. Guztira 52 egun, baina astearteetan debekatuta egonen da. Begoña Sanzberro Iturririak zuzentzen duen Departamentuak jakinarazi duenez, arrantzale bakoitzak 5 baimen eskuratzeko aukera izanen du, eta eguneko 3 amuarrain arrantzatu ahal izanen du (20 eta 35 cm artekoak). Baimenak apirilaren 1etik 10era banatuko dira, arrantzale bakoitzeko bat. Soberan geldituko balira, 11tik 24ra arrantzaleek bi baimen eskuratzeko aukera izanen lukete eta hirugarren epe batean, 25etik aurrera, berriz ere baimenak binaka banatuko lirateke, geldituko balira. Bueltan2008an debekatu zuen Landa Garapen eta ingurumen Departamentuak amuarrainak arrantzatzea. Sanzberrok emandako datuen arabera, 2007an hektareako 1.635 amuarrain zenbatu zituzten. Iaz, berriz, 3.347. Departamentuaren arabera egoera normalean hektareako 2.000 eta 4.000 amuarrain egon beharko dute. Sanzberroren departamentuak pozik adierazi du debekuak amuarrain populazioa handitzea ekarri duela eta, ondorioz, arrantza sasoia baimendu egin du. Arrantzale bakoitzeko bost baimen ematearen inguruan Landa Garapen eta Ingurumen Departamentutik adierazi dutenez, "baliabideen aprobetxamendu jasangarria egin eta espezia berez birsortu dadin bermatzeko da".