Ibarreko ur filtrazio ospetsuena

Guaixe 2011ko urtarrilaren 12a

Aralarko santutegiko erdiko nabeko kupularen ezkerraldean dago, tenpluaren tokirik altuenetakoan. Euri ura harrien artean sartu eta mantxa txuri bat agertu zen. Udazkeneko kontua izan zen hori. Santutegiko arduradunek halakoak eragozteko modua aztertu eta bestelako misteriorik gabe pasako zen filtrazioa. Baina bakarren batzuk mantxa txuri horretan aingeru bat ikusi zuten. Azkenean, filtrazioaren edo ustezko aingeruaren berri eman zuen Cuarto Milenio telebista saioak, gai esoterikoak lantzen dituenak.