Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako Udala buru-belarri murgildu da ondare ez-materialaren bilketan. Herriko garai bateko kultur adierazpenak, bizimodu eta gertaeren testigantza galtzeko beldur, herriko adinekoak elkarrizketatu eta informazio hori bildu nahi izan dute. Labrit enpresa arduratu da lan horretaz. Herriko 60 urtetik gorako ia 20 herritar elkarrizketatu eta bideoan jaso dituzte. Udazkenean amaitu zituzten elkarrizketak. Orain, bildutako materia ezagutzeko garaia iritsi da. San Saatin festetan eginen dute aurkezpena, gaur iluntzean. Proiektuaren aurkezpen bideoa ikusi, Enara Intsausti elkarrizketatzailearen azalpenak entzun eta elkarrizketa guztien zatitxo bat entzuteko aukera izanen da. Elkarrizketatuek kopia bana jasoko dute eta, amaitzeko, berendu txikia izanen da denendako. Bildutakoa Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboan gordeko da. Horrela, XX. mendeko lekukotza ondorengoen esku geratuko da.Sakanako beste herriakSakanako zenbait udalek azaldu dute ondare ez-materiala biltzeko interesa. Arbizu izan zen urratsa ematen lehena. Herri ekimenaren emaitza izan zen Ahotsak egitasmoa. Gainerako bilketa lanak Labrit enpresak egin ditu. Lakuntzakoaren antzera, aurreratuta dago Arruazuko bilketa. Aurkezpen data zehaztea falta da. Zazpi elkarrizketa egin dituzte. Bakaikun ere bilketa lana egina dute. Uda aldean aurkeztuko dute transmisiorako DVDarekin batera. Bestalde, elkarrizketak egiten ari dira Olatzagutian, Urdainen eta Ziordian. Azkenik, Etxarri Aranatzen egun hauetan egiten ari dira elkarrizketatu posibleen zerrenda eta otsailean jarriko dira harremanetan haiekin. Irurtzunen eta Altsasun ere aurki astekoak dira. Ondare ez-materialaNafarroako Ondare ez-materialaren Artxiboa ondare hori bildu eta hurrengo belaunaldiei eskaintzeko helburuarekin sortu zen. Belaunaldi aldaketarekin batera kultur aldaketa gertatu da; ahozko transmisioa oinarri zuen gizartea, gaur ikus-entzunezko jendartea da. Ahozko ondare hori galduko ez bada, beharrezkoa da kultura tradizionalaren azken aztarnak biltzea. Elkarrizketatuei eguneroko bizitza, herriko harremanak, bizitzako faseak, ekonomia, historia eta politika, kultura eta bestelako kontuei buruz galdetuko zaie. Ahozko ondare aberats horrek gure herriak duela 50-70-90 urte nolakoak ziren erakutsiko digu.