Larunbatean despeditu ziren Sakanako Mankomunitateak Sakanako irristaketa eskolekin antolatutako Sakanako Irristaketa Topaketak, Olaztin antolatutako hirugarren eta azken jardunaldiarekin. Topaketaren helburua irristaketa eskoletako kideak biltzea izan da. Urdiain eta Altsasuko topaketei jarraiki, Olaztik hartu zuen topaketen lekukoa. Sutegi klubak antolatu zuen ekitaldia eta 125 irristalari inguru bildu ziren Erburua kiroldegian, Olaztiko Sutegitik, Altsasuko Irristaketa Taldetik eta Urdiaingo Aitziber klubetatik hurbilduta. Otsailean hasiko dira lasterketakIrristalariek kategoriaka lasterketak egin zituzten eta jokoak eta beste antolatu zituzten eurendako. Antolakuntzatik adierazi digutenez oso ondo pasa zuten eta gurasoen laguntza ere ezinbestekoa izan zen. Bukaeran, Mankomunitateak oroigarria eman zien jardunaldietan aritu ziren irristalariei - zinta erreflektante bat eta litxarreria poltsa bat - eta Sutegi klubak merendua prestatu zuen. Otsailean Nafarroako Irristaketa Federazioak antolatutako lasterketen egutegia hasiko da, ekainera bitartean gauzatuko dena, larunbatetan. Gutxi gorabehera hilean lasterketa bat izaten da. Bertan nahi duten irristalariak aritu daitezke, baina horretarako federatu beharko dira eta euren asmoen berri klubean eman beharko dute lehenbailehen.