Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Australiak eman dio hasiera txirrindularitza denboraldiari. Igandean Cancer Council Classic 51 km-ko criteriuma jokatu zen Adelaidan, eta asteartean abiatu zen Tour Down Under proba. Denboraldia urriaren 15ean despedituko da, Lombardiako Giroarekin, eta bitartean hamaika lasterketa izanen dira. Australian Pro Tour mailako taldeak ariko dira lanean, tartean Euskaltel-Euskadi eta Movistar Team, baina bertako kide sakandarrak ez dira Australian ariko. Aurten 6 txirrindulari profesional izango ditugu Pro Tour mailan. Horietatik lau Euskaltel-Euskadi taldekoak dira: Egoi Martinez etxarriarra (2 denboralditarako sinatu zuen talde laranjarekin), Gorka Verdugo etxarriarra (urte bateko kontratua du), Pablo Urtasun urdiaindarra (urte bateko kontratua du), eta Jorge Azanza altsasuarra (urte bateko kontratua du). Bestalde, Hiriberriko Imanol Erbiti Australian estreinatu den Movistar Team taldean ariko da. Caisse d´Epargne taldearen lekukoa hartu du Movistar taldeak, Eusebio Unzuéren gidaritzapean, eta talde horretatik dator Imanol Erbiti. Sakandarrak bi urteko kontratua du Movistar taldearekin. Horretaz gain, Euskaltel taldearen filiala den Orbea taldean jarraituko du Xabier Zabalo olaztiarrak (denboraldi bateko kontratua du), maila kontinentalean. Eta ez da ahaztu behar Rural Kutxa taldea maila profesional kontinentalean ariko dela. Arrieta Australian zuzendariEta ezin gara ahaztu Jose Luis Arrietarekin. Iazko denboraldia bukatzean bizikletatik jaitsi zen uhartearra, baina txirrindularitzarekin lotuta jarraituko du, Movistar taldeko zuzendaritza taldean ariko baita, kirol zuzendaritzan. Hain zuzen ere asteartean abiatutako Australiako Tour Down Under proban estreinatu da kirol zuzendaritzan. Egoi Martinez eta Gorka Verdugoren helburu nagusiena Frantziako Tourra izanen da. Samuel Sanchezen konfiantza gizonak izango dira. Horretaz gain Egoi Giroan egoenen da eta Verdugo Vueltan. Urtasun, esprinterra izanik, Koldo Fernandez de Larrea esprinterraren eskuin besoa izango da eta iazko moduan garaipenen bat lortzea izango da bere lana, baina, horretaz gain apustu handia egin nahi du Euskaltelek berarekin, Espainiako Vueltan egonen baita, eta akaso Tourrean. Eta Jorge Azanzak talde lana egin eta bere balioa demostratu behar izango du. Giroan ariko da. Movistar taldeak itxura ona eman nahiko du eta lider argi baten faltan - Alejandro Valverde zigortuta dago - Arroyo, Gutierrez, Rojas eta Bruseghin izango dira aurpegia emango dutenak. Imanol Erbiti talde lan gizon preziatua da, eta bere liderren ezkutari izatea izango da bere egitekoa. Azkenik, Xabier Zabalo olaztiarrak esperientzia hartzea eta profesional mailari tamaina hartzea izango du egiteko. Hortaz, denboraldia mustu den honetan eta nahiz eta gure txirrindulariak Australian ez egon, zorterik onena opa diegu guztiei.