Larunbatean hasi zen 2011ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa, Durangon. Tartean emakumezkoen 540 kiloko txapelketako lehen jardunaldia jokatu zen. Bertan hiru talde lehiatu ziren: Gasteizko Badaiotz, Sakana eta Ibarra. Aipatu taldeek hiru jardunaldiko liga jokatuko dute, eta soilik hiru talde direnez, jardunaldi bakoitza bi itzulira jokatuko da eta bietan puntuatuko da.Badaiotz taldeko neskek jaun eta jabe jarraitzen dutela argi geratu zen Durangon. Lehen itzulian bi txandak eta lau tiraldiak irabazi zituen Gasteizko taldeak. Ibarrak, bere aldetik, bi tiraldiak irabazi zizkion Sakanari. Eta Sakana tiraldirik irabazi gabe geratu zen. Eta bigarren itzulian ere Badaiotzek menpean hartu zituen Sakana eta Ibarra, lau tiraldiak irabazita. Aldiz, Sakanak eta Ibarrak tiraldi bana irabazi zioten elkarri. Gauzak horrela, lehen jardunaldia jokatuta Badaiotz da lehena (6 puntu), Ibarra bigarrena (3,5 puntu) eta Sakana hirugarrena (2,5 puntu). Bigarren jardunaldia ilbeltzaren 29an jokatuko dute, larunbatarekin, Ibarran. 15:00etatik 16:30era pisaketa eginen dute eta 18:00etan hasiko da lehia.