Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatuta, gaur, ostiralean, ilbeltzaren 21ean, Nafarroako Mendizaletasunaren Gala ospatuko da Mendillorriko Civivoxean, 19:30etik aurrera, "Mendian denok dugu lekua" lelopean. Bertan mendizaletasunaren modalitate ezberdinetan izandako lorpenak saritu eta aipatu nahi dira. 240 gonbidatu inguru espero dira. Ekitaldian Maialen Ojer eta Maider Frailek omenaldia jasoko dute. Biek Espainiako Alpinismo Taldearekin "Karakorum-Emakumea espedizioa, Kirola eta integrazioa" izeneko proiektuan parte hartu zuten iazko udan. Bestalde, Nafarroako Eskalada Txapelketako eta Mendi Lasterketa Kopako sariak banatuko dira. Nafarroako Mendi Lasterketa Kopako txapelduna Fernando Irigarai izan da gizonetan, eta emakumezkoetan Maitane Txueka arbizuarra. Eta Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuituak zituen 8 probetatik - tartean III. Hiru Mendi Zerrak Ibilaldia eta Sakanako XXI. Ibilaldi Handia - gutxienez lau egin zituzten mendizale federatuen aipamena eginen da eta haiei oroigarria banatuko zaie. Iaz 4.268 mendizalek parte hartu zuten zirkuituan, eta horietatik 103 mendizalek gutxienez lau osatu zituzten, tartean sakandarrak. Sakanako Mendigoizaleak klubak bere 25. urteurrena bete duelako omenaldia jasoko du eta federazioak egindako lana aitortuko dio klubari. Eta horretaz gain makina bat errekonozimendu egingo ditu federazioak. Bukatzeko, Al filo de lo imposible saioko zuzendari ohi Sebastian Alvaroren mendi emanaldi bat ikusiko da.