Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mendizaleak taldeak urteko egutegia prest dauka, Sakanako gainontzeko mendi klubek bezala. Sakanako Mendizaleak taldeak 25 urte ditu eta bere garaian Sakanako mendi klubek sortutako taldea da, hilean behin klubetako mendizale guztiak bildu eta autobusez irteera bat antolatzeko asmoz. Leurgane helburuLehendabiziko irteera ilbeltzaren 30ean izanen da. Irurtzungo Iratxo elkartekoek prestatu dute ibilbidea, Mañarian hasi eta Aita Kurutzekotik (692 m.) gora Leurgane (1.004 m.) mendi tontorrera heltzea helburu izango duena, Mugarrikolandara jaitsi (710 m.), Mugarra igo (930 m.) eta bertatik Mañariara jaisteko. Igoeran 1.000 metroko desnibelari egingo diote aurre mendizaleek, eta jaitsieran 800 metroko desnibelari. Gutxi gorabehera 4 ordu eta erdi edo bost orduko ibilbide ederra izanen da. Mañarian bertan bazkaltzeko aukera izanen da, baina nahi dutenek euren bazkaria eraman ahal izango dute. Autobusa goizeko 7:00etan aterako da Irurtzundik eta Sakanako herrietan geldialdiak eginen ditu izena eman duten bailarako mendizale guztiak hartzeko. Ildo honetan, autobusaren prezioa igo behar izan dute. Helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta gazteek 8 euro. Mendizaleek osteguna, ilbeltzaren 27a baino lehen eman beharko diete izena herriko arduradunei edo Jesus Ubedari (636 827 166). Antolatutako irteeretan parte hartzeko deiaSakanako Mendizaleak taldeak hilero antolatutako irteeretan parte hartzeko deia egin die mendizale sakandar guztiei. Mendizale asko dago, baina mendira norbera bere kabuz joateko joera nagusitzen ari da azkenaldian, klubek antolatutako irteeren kalterako, eta jaitsiera hori ere nabaritu dute Sakanako Mendizaleak taldeak antolatutako irteeretan. "Horregatik Sakanako klubek bere kabuz antolatutako irteera arrakastatsuak Sakanako Mendizaleak taldearen egutegian txertatu ditugu, irteera horiek zabaldu eta gure hileroko irteera hauek arrakastatsuago egiteko" azaldu digu Jesus Ubedak. Ubedak gaineratzen du antolatutako irteeretan aritzeak abantaila ugari dituela. "Autobusez joan behar zarenez, ez duzu autorik behar. Gainera, ibilbideak prestatuta daude eta aurretik ibilbidearen perfilaren berri ematen dugu. Hortaz, ez duzu ezer erabaki edo pentsatu behar, soilik mendiaz gozatu behar duzu. Sakanako Mendigoizaleak taldeak antolatutako irteerek bailarako beste mendizaleak ezagutu eta esperientziak banatzeko aukera ederra eskaintzen dute. Eta, azkenik, irteera bakoitzean bi ibilbide aukera proposatzen ditugu: bata laburragoa, eta, bestea luzeagoa". Hortaz, motxila hartu eta Leurgane ezagutzeko proposamena eskura dugu.