HATSAREN KULUNKA, Herta Müllerrena

Guaixe 2011ko urtarrilaren 21a

Atemschaukel (Hatsaren kulunka) Herta Müllerek (Nytzkydorf, Errumania. 1953) idatzi duen azkeneko eleberria da hau, euskaraz aurki dezakegun bere lan bakarra.2009an eman zioten Literatura Nobel Saria: " harriturik nago eta oraindik  ezin dut sinetsi. Orain ezin dut ezer gehiago esan. Mutu geratu naiz"  adierazi zuen idazle errumaniarrak saria egokitu zitzaiola jakin zuenean.Hertak  eleberri honetan Bigarren Mundu Gerra ondoren nazismoarekiko zer jarrera hartu zuten kontutan hartu gabe Sobiet Batasunera deportatu errumaniarrek sufritu zutena salatzen du. Bere amak ere bost urte eman zituen haietako lan esparru batean. "Gai honi buruz idatzi nahi izan nuen beti...Lekukorik gabe geldituko ote nintzen beldur, Oskar Pastiorrekin (idazle alemaniar errumaniarra, Herta bera bezalaxe)  hizketan hasi nintzen. Ucraniara joan ginen, lan esparrua egon zen tokira"Oskar Pastiorrekin eginiko lanarekin eta jasotako testigantza guztiekin osatu zuen  Hertak eleberri hau: sentsazio nobela, muturreko bizi baldintzetan gizakiak aurrera ekiteko ateratzen duen indarra eta kemena erakusten digun nobela:  "Hil zoriko nekea, barrenak hozkatzen dituen hotz izugarria, izu usain zorrotz, denbora ostua. Goseak itsututa, herriminak gaixotuta, mespretxura ohituta, denboratik at eta geure baitatik at eta munduaz etsita, baita mundua gutaz ere "  protagonistak une desberdinetan dion bezala.Eleberria 1945ean, Leopold Auberg, hamazazpi urteko gaztea deportatzeko bila datozkionean hasten da. Zerrendan zegoela jakitun, ama eta amonarekin gramofono kutxa izango den maleta egiten ari dela agertuko dira soldaduak. Amonaren hitzak izango dira "gulag"en bizirauten lagunduko diotenak; "BADAKIT ITZULIKO ZARELA" handik urte batzuetara musuzapi bihurtuko direnak: " ez naiz lotsatzen esaten dudanean musuzapia izan zela esparruan nitaz arduratu zen gizaki bakarra".  Leopold protagonistarekin batera esparruan dauden beste gizon-emakume batzuk ditugu gainontzeko pertsonaiak, bakoitzak bere historia, injustizia eta  biziraupenarekin: zerrendaren arabera bat falta zelako atxilotu zuten neska gaztea, Zonzon-Kati neska atzeratua, David Lommer judutarra, elurra salatu zuen neska, porlanean ito zen Irma Pfeifer, bizargina..."ez ginen garen bezalakoak gu denok" eta "Gose-Aingerua", gosearen metafora  pertsonifikatua.Agintariek eta soldaduek ez dute batere protagonismorik eleberri honetan eta horregatik ez dugu aurkituko mota horretako eszenarik, deportatuak dira inporta dutenak, haien eguneroko kontu txikiak dira benetan hunkigarriak eta horregatik ere objektuek bai hartzen dute protagonismoa:  musuzapia, kuku-erlojua, bihotz-pala, ikatza, arropa, burko azala...Gosearen deskripzioa eta trataera da eleberrian zehar indar handienetakoa hartzen duen gaia: "azal eta hezurraren garaia, gose-hitzak mapa bat dira,  nire gosea eta ni,  hezur-gizontxo eta hezur-emakume sexugabeak ginen, gosea beti dago hor...Ez dago hitz egokirik gosearen sufrimendua deskribatzeko."Hizkuntza lirikoa darabil Herta Müllerek, jasoa bezain hunkigarria, ulergarria bezain sintetikoa.    Idazleak 1987an Ceausescuren diktaduratik alde egin zuen eta geroztik Berlinen bizi da.Izaskun Etxeberria Zufiaurre