Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Binakako Zilarrezko Txapelketako bi jardunaldi jokatu dira. Herenegun finalerdia jokatu zen Zerainen. Dorronsorok eta Mugertza III.ak aurreikuspenak bete zituzten eta menpean hartu zituzten Juanjo Erdozia etxarriarra eta Irazabal, finalerako txartela lortuz. 45 ontzakoa kolpeka mozteko lanean 35 aizkorakada behar izan zituzten Erdoziak eta Irazabalek eta 3 aizkorakada gehiago Dorronsoro eta Mugerza III.ak, baina hortik aurrera finago ibili ziren txapeldunak: 45 ontzako bi enbor zeinek azkarren moztu 1:40ko denbora markatu zuten eta 1:48koa, aldiz, Erdoziak eta Irazabalek, eta 45 ontzakoa zutik mozteko lanetan 1:28koa izan zen txapeldunen denbora eta 1:33koa Erdoziarena eta Irazabalena. Lan erditan lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten. Dorronsorok eta Mugerza III.ak 7:25ean bukatu zuten lana eta etxarriarrak eta Irazabalek 8:24ean. Bukaeran, Dorronsorok eta Mugertza III.ak 11 minutu eta 11 segundo behar izan zituzten lan guztiak despeditzeko, eta Erdoziak eta Irazabalek, aldiz, 12 minutu eta 20 segundo. Eta Zilarrezko Txapelketako final laurdenetan, Rodriguez aita-semeek erraz irabazi zuten Urtzi Olasagastiren eta Aritz Goñi etxarriarraren kontra. 13:13koa izan zen segoviatarren denbora, eta 16:07 Olasagasti eta Goñirena. 45 ontzako bi enbor zeinek azkarren erdibitzeko lanetan 2:18ko denbora markatu zuten Rodrigueztarrek eta 2:51 Olasagastik eta Goñik; 45 ontzakoa zutik mozteko proban 1:37ko denbora egin zuten garaileek eta 2:17koa besteek, eta lan erditan lau kana-erdiko mozteko aroan kronometroa 9:18an gelditu zuten Rodrigueztarrek eta 10:59an Olasagastik eta Aritz Goñik. Hortaz, Zilarrezko mailan ordezkari sakandarrik gabe geratu gara.