Sakanako Mendizaleak taldeari aipamen berezia Nafarroako Mendizaletasunaren Galan

Guaixe 2011ko urtarrilaren 25a

Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatuta Mendillorriko Civivoxek Nafarroako Mendizaletasunaren Gala hartu zuen ostiralean, "Mendian denok dugu lekua" lelopean. Hildako mendizaleen aldeko minutu bateko isilunearen ondoren hasi zen gala, eta bertan omenaldiak, aipamen bereziak, sari banaketak eta beste ez ziren falta izan. Iazko urteko balantze positiboa egin zuen federazioak, eta aurten 8.000 federatuetara heltzeko erronka dutela nabarmendu zuten, eta ondoren omenaldien txanda heldu zen. Tartean 25 urte bete dituen Sakanako Mendizaleak taldeari errekonozimendua egin zion federazioak, oroigarri bat emanez. Horretaz gain omenaldi beroa egin zitzaion ere duela 40 urte Euskadiko Federazioko lehen presidente izendatu zuten Pako Iriondori, eta Estatuko Emakumeen Alpinismo Taldeko Maider Fraile eta Maialen Ojerrek ohorezko saria jaso zuten. Biek Espainiako Alpinismo Taldearekin "Karakorum-Emakumea espedizioa, Kirola eta integrazioa" izeneko proiektuan parte hartu dute.Kopa ArbizuraSegidan Nafarroako Mendi Lasterketa Kopako sariak banatu ziren. Gizonezkoetan Fernando Etxegarai, Iñigo Lasaga eta Aitor Kortabarriarendako izan ziren, eta emakumezkoetan Maitane Txueka arbizuarrak jaso zuen garaipenaren kopa, Alizia Olazabalen eta Nerea Amilibiaren aurretik. Beteranoetan Jone Pelaez altsasuarrarendako izan zen bigarren saria, eta Ander Unzurrunzaga etxarriarrarendako hirugarren saria.  Bestalde, Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuituak zituen 8 probetatik - tartean III. Hiru Mendi Zerrak Ibilaldia eta Sakanako XXI. Ibilaldi Handia - gutxienez lau egin zituzten mendizale federatuei diploma banatu zitzaien. Iaz 4.268 mendizalek hartu zuten parte aipatu zirkuituan, eta horietatik 104 mendizale federatuk gutxienez lau proba osatu zituzten, tartean sakandarrak. Aipatzekoa da aurten otsailaren 20an hasiko dela Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuitua eta 10 proba izango dituela, eta horietatik 2 Sakanan gauzatuko direla: apirilaren 2an Altsasuko IV. Mendi Ibilaldia, eta apirilaren 30ean Sakanako XXII. Ibilaldi Handia, Irurtzunen. Al filo de lo imposible saioko zuzendari ohi Sebastian Alvaroren mendi emanaldi ikusgarri batek itxi zuen jaialdia. Leurganera Sakanako MendizaleekinAurreko astean azaldu genuen moduan, Sakanako Mendizaleak taldeak 2011ko lehendabiziko mendi irteera prestatu du igandean, ilbeltzaren 30ean. Ibilbidea Mañarian hasi eta Aita Kurutzekotik (692 m.) gora Leurgane (1.004 m.) mendi tontorrera heltzea du helburu, Mugarrikolandara jaitsi (710 m.), Mugarra igo (930 m.) eta bertatik Mañariara jaisteko. Igoeran 1.000 metroko desnibelari egingo diote aurre mendizaleek, eta jaitsieran 800 metroko desnibelari. Gutxi gorabehera 4 ordu eta erdi edo bost orduko ibilbide ederra izanen da. Mañarian bertan bazkaltzeko aukera izanen da, baina nahi dutenek euren bazkaria eraman ahal izango dute. Autobusa goizeko 7:00etan aterako da Irurtzundik eta Sakanako herrietan geldialdiak eginen ditu izena eman duten bailarako mendizale guztiak hartzeko. Helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta gazteek 8 euro. Mendizaleek osteguna dute azken eguna izena emateko Jesus Ubedari hots eginez (636 827 166).