Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Telco,m-Reyno de Navarra-Conor taldeak ilbeltzaren erdialdean egin zuen aurkezpena Uharte Iruñeko Euskal Jai Berrin. Txirrindularitza klubean guztira 33 txirrindulari ariko dira, hiru taldetan banatuta: pista txirrindularitza taldea, emakumeen taldea eta afizionatuena. Taldea 23 urtez azpikoa, eta txirrindulariak nafarrakTelco,m afizionatuen taldean aldaketa nabarmena dago: aurten taldea 23 urtez azpikoa izango da bere osotasunean, 15 txirrindulariz osatutako talde gaztea, eta txirrindulari guztiak nafarrak dira. Afizionatu talde baterako oso ezaugarri bitxiak dira horiek. Tartean lau txirrindulari sakandar daude: taldean jarraitzen duen Eneko Otxagabia lakuntzarra, Mikel Rubio irurtzundarra, eta Burunda klubean trebatu eta bertatik datozen Ion Irigoien urdiaindarra eta Andoni Palomino altsasuarra. Juan Salas da taldeko burua eta managerra. Bere esanetan aurten gauzak nahiko konplikatuak izanen dituzte afizionatuen mailako taldean, "baina batzuetan arrain handia despistatzen denean arrain txikiak sustoren bat edo beste eman dezake". Egoera dagoen bezala egonda aurrekontua murriztu behar izan du taldeak. Aurten ez dira txirrindulari eliteak egongo, garaipenak lortzea ziurtatzen duten horiek. Aldiz, bertako txirrindularien aldeko apustua egin dute, etorkizunari begira. Iaz Paul Kneppers txirrindulariarekin Euskalduna Txapelketako sailkapen orokorra irabazi zuen Telco,m taldeak eta, hortaz, aldaketa nabarmena da urte batetik bestera taldeak egin duena. Baina gauzak horrela dira. Hala eta guztiz ere, taldetik asko espero dutela adierazi dute Juan Salas managerrak eta Hector Rondan kirol zuzendariak. "Gauzak ongi lantzen ari dira, gazteak dira, nafarrak, ezagutzen dira... alde dauzkagun gauza asko daude" adierazi dute. Afizionatuen taldetik akaso Sergio Rodriguez da gailentzen dena, iaz gazte mailan primeran ibili zelako. Lau txirrindulari sakandarrek ilusioarekin ekingo diote denboraldiari eta ahalik eta lan txukunena egitea izango da euren egitekoa.