Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abian da 2011ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa. 540 kiloko txapelketan hiru talde lehiatzen ari dira: Gasteizko Badaiotz, Sakana eta Ibarra. Aipatu taldeek hiru jardunaldiko liga jokatuko dute, eta soilik hiru talde direnez, jardunaldi bakoitza bi itzulira jokatuko da eta bietan puntuatuko da.Badaiotz taldeko neskek jaun eta jabe jarraitzen dutela argi geratu zen Durangon jokatutako lehen jardunaldian. Sakana taldeak ez zuen bere ohiko maila eman. Kontuan hartu behar da taldeak bajak izan dituela eta 8 tiratzaileko taldea osatzeko zailtasunak izan dituela. Arazo berak dituen Amaiur taldearekin bat egin du Sakanak eta Amaiurko tiratzaileekin ariko dira txapelketa honetan, Sakana izena badute ere. Sakanak Amaiurkoekin osatu du taldea"Durangoko lehen saioan arazoak are gehiago korapilatu zitzaizkigun. Atzeko tiratzaileak zuen babesgarria erretiratu ziguten, gaizki zegoela esan ziguten. Gainera, Amaiurko tiratzaile batzuk ezin izan ziren aritu eta azkenean Sakana, Amaiur, Berriozar eta Jaunsaras taldeetako tiratzaileez osatutako taldea aurkeztu genuen. Eta ez genuen maila ona eman" adierazi digu Sakana taldeko Nerea Lizarragak. Lehen jardunaldia jokatuta Badaiotz da lehena (6 puntu), Ibarra bigarrena (3,5 puntu) eta Sakana hirugarrena (2,5 puntu). Bigarren jardunaldia bihar jokatuko dute, ilbeltzaren 29an, larunbatarekin, Ibarran. 15:00etatik 16:30era pisaketa eginen dute eta 18:00etan hasiko da lehia. Bigarren proba honetarako sentsazio hobeak dituzte Sakana taldekoek. "Atzelariarendako babesgarri berria egin dugu eta bihar Sakana eta Amaiur taldekoak ariko gara. Astean behin entrenatzen dugu, aste batean hemen eta hurrengoan Amaiurren eta nahiz eta hori nahikoa ez izan horrela moldatu beharko gara. Talde bakoitzak lan egiteko eta tiratzeko modu bat dauka eta biek bat egitea ez da erraza, baina Ibarrako saiorako animatuta gaude" gaineratu du Nerea Lizarragak.