ELKARTASUN HITZORDUA

Guaixe 2011ko urtarrilaren 28a

Denbora bat pasa bada ere, ezinezkoa zait hurrengo lerroetan beste gai batez aritzea.Urteak pasa dira jada Nafar askok geure egutegian ezinbestekotzat markatu genuenetik. Eragin handia izan du Euskal musika eta kulturaren sustaketan eta trabaz traba nazioko jaialdirik indartsuenen artean sailka daiteke inongo zalantzarik gabe. Bertan egon beharko liratekeen baina urrun daudenen eskubideen aldarrikapenaren erreferentzia moduan hartu izan da urtez urte. Hauen senide eta hurbilekoei ezinbestekoa zaien babesa eskainiz, inongo ordainik gabe.Batzuen elkartasun ekitaldia, besteen ahotan gorroto iturri bilakatzen ikusi dugu azken asteotan. Hamabigarren edizioa izan dugu honako hau, eta orain arte hainbat komunikabidetan existitu ere ez bada egin, albiste mesprezagarri gisa azaltzen zaigu orain. Aipatzea ere merezi ez duten salaketa zentzugabeak direla eta.Ankerkeri honen iturriak hausnarketara narama. Zentzugabekeri honen nondik norakoak ezagutu nahi nituzke. Elkartasunari leporatzen diogu maiz, hori baita ekitaldi honen ardatz nagusia. Baina askotan, galdera ugari datozkit burura. Ez da izango milaka lagun horien irri eta algarek sutzen dituela? Ez da izango batzen gaituen musikaren indarrak amorratzen dituela? Ez da izango herritarron gogo eta optimismoak ernegatzen dituela? Ez da izango Hatortxurock Nafarron bizitasunaren ikur dela?«Zaila da ulertzea, bestearen egia» zioen Sarrionandiak, eta bere hitzek gero eta balio gehiago hartzen duten heinean, gero eta eraso gehiago jazotzen dira «herri ikustezin hontan». Eskerrak itxaropena bor-bor dugun zainetan... Besarkada handi bat Xafan eta besteendako.Pello Reparaz