Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Egur Sport enpresak antolatutako Binakako Urrezko Aizkora Txapelketan gauzak aurrera doaz. Jakina denez, 9 biko ari dira lehian, hiru multzotan banatuta. Ordezkari sakandar bakarra dugu, Floren Nazabal txapeldun etxarriar handia, eta bigarren urtez jarraian Sakanako Aizkora Eskolan trebatu den Ilarduiako Arkaitz Jauregirekin osatu du bikoa. B multzoan ari dira lehian, Arria V.a-Rekondo eta Mujika-Otaegirekin batera. Txapelketari helduz, lehen fase honetan multzo bakoitzean ligaxka jokatzen ari da, denak denen kontra arituz. Ligaxka bukatzerakoan lehen sailkatuek finalerdiak jokatzeko txartela lortuko dute zuzenean, eta hiru multzoetan bigarren geratzen direnak elkarren kontra ari beharko dira. Irabazten duenak finalerdietara pasako da. Finalerdiak nola jokatu zozketa bidez eginen da eta bi irabazleek finalerako txartela lortuko dute. Finalerdietarako zuzen sailkatzeko aukeraB multzoan Nazabal eta Jauregik jardunaldi bakarra jokatu dute. Mujika eta Otaegiren kontra gailendu ziren Nazabal eta Jauregi, bi puntu lortuz. Mujika eta Otaegik ere Orbegozo Arria V.a eta Jon Rekondoren kontra galdu zuten eta, hortaz, txapelketatik kanpo geratu dira. Egun bi puntura berdinduta daude Nazabal-Jauregi eta Arria V.-Rekondo, eta berdinketa apurtzeko jardunaldia jokatuko dute bihar, larunbatean, 19:00etan, Etxarri Aranazko pilotalekuan. Printzipioz lehendabizikoak dira faborito eta publikoaren laguntza izanen dute, etxean aritzeak beti laguntzen duelako, baina Arria V.a eta Rekondo bikote sendoa da eta argi erakutsi zuten hori Mujika eta Otaegi menpean hartu zituztenean. Baina zuzenean finalerdietara sailkatzea da jokoan dagoena, eta bi bikoek dena emango dute. Ea Nazabal eta Jauregi ongi dabiltzan eta etxean jokatzeak mesede egiten dien. Sei lan egin beharko dituzte: 45 ontzakoa kolpeka moztu; kana-erdikoa zutik erdibitu; 60 ontzakoa erloju kontra moztu; 45 ontzako bi enbor zutik erdibitu; 60 ontzako bi enbor zeinek azkarren moztu; eta, lan erdira, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu. GainontzekoakBestalde, A multzoan ligaxka despeditu da. Arrospide-Mugerza II.ak 4 puntu dituzte, Azurmendi-Atutxa II.ak 3 eta Olasagasti-Saralegik 2. C multzoan jardunaldi bat falta da ligaxka bukatzeko. Senosiain I.a eta II.a txapelketatik kanpo geratu dira eta ikusteko dago nor sailkatuko den lehenengo postuan, Larretxea aita-semeak edo Lopez Azpilikueta eta Ander Erasun. Norgehiagoka igandean jokatuko da, Leitzan, 12:00etatik aurrera.