Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Gobernuak sustatutako pentsioen erreforma salatzeko greba orokorra deitu dute gaurko ELAk, LABek, STEE-EILASek, EHNEk eta HIRUk. Deialdi horrekin bat egin zuten ESKk, Solidarik, CGTk eta CNTk. Gaur bertan jakin da Espainiako Gobernuak patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin pentsioen erreformaren inguruko akordioa adostu dutela, hurrengo astean ofizialki sinatuko dutena .MobilizazioakGoizetik sindikatuen piketeak han-hemen ibili dira, zabalik zeuden denda edo lantegietan grebarako deia eginez. 9:30ean Altsasuko Nettoko aparkalekuan bildu da informazio pikete handiena. 11:00ak bitartean herrian barna ibili dira grebalariak zabalik zeuden banketxe, administrazio eta denden aurrean protesta eginez. 300 bat pertsonek parte hartu dute mobilizazio horretan eta Guardia Zibilak gertutik zaindu du, une batez helikoptero eta guzti. Etxarri Aranatzen, bitartean, 70 bat pertsonak kontzentrazioa egin dute plazan. Ondoren Iruñeko manifestaziora joan dira asko eta asko. Sakanako manifestazioa arratsaldean deitua zegoen Altsasun. 1.500 pertsona inguru joan dira Nahikoa da! Pentsioen harrapaketari ez! Errespetatu herritarren eskubidea! leloa zuen pankartaren atzetik. Bai Arfe bai Igartex-eko langileek pankartak eraman dituzte.Bukaeran, Arfeko enpresa batzordeko buru Luis Victor Rodriguez eta Willy Goikoetxea zuzendu zaizkie bildutakoei. Espainiako Gobernuak pentsioen murrizketa "basatia" onartu behar duela salatu dute. Horregatik, bai gobernuari baita alderdi politiko guztiei zuzendu zaizkie pentsioen murrizketa guztiak bertan behera uzteko eskatuz. "Ondasunaren bidezko banaketa, sistema fiskal justuago bat, kalitatezko enplegua sortzea eta, kendu beharrean, eskubide sozial gehiago ekarriko duten erreformak behar dira. Hots, bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat, non ekonomia pertsonen mesedetan egongo den". "Egungo Gizarte Segurantzaren sistema aldatzeko erabiltzen diren argudioak faltsuak dira. Erreforma ez da egokitzapen teknikoa ezta beharrezko gaitza ere". Hizlariek esan dutenez, guztiaren atzean dagoen asmoa da "berez eskasa, inposatua eta gabezi ugari dituen babes sozialaren eredu publikoa suntsitzea". Hizlariek ziurtatu dutenez, "erreforma honekin inposatu nahi diren neurriek desberdintasun sozialak areagotu eta oinarrizkoak diren eskubide eta bermeetan atzera pausu nabarmenak eragingo dituzte". Guztiaren onuradun kapitala eta finantza merkatuak izanen direla ere ziurtatu zuen. Onartuko diren neurriak emakume, gazte eta etorkinen egoerak oraindik ere gehiago okertuko duela nabarmendu dute. "Dugun pobrezia maila dagoeneko kezkagarria denean populazioaren pobretze orokorra bulkatzen ari dira". Bitartean administrazioek herri-lan "faraonikoetan dirua xahutzen" dutela salatu zuen. Arfeko eta Sakanako 1.500 langabetuen egoera gogoan izan dituzte. Bai Arfe bai Igartex-eko langileek pankartak eraman dituzte.BalorazioaLABek eta ELAk greba deialdiak Sakanan izan duen jarraipenaren balorazio positiboa egin dute. "Sakanako enpresetan jarraipena masiboa izan da, egoerak jendea asko ukitu duenaren seinale" zioen ELAko Sakanako ordezkari Gorka Viergek, erantzuna handia izan dela nabarmenduz. LABeko Gaizka Uharteren esanetan "jarraipen honek erakusten du gehiengo sindikala bide onetik doala, ardura duela eta gizarte guztiaren beharrei erantzuten diela, indarrak batuz goazelako". Halaber, azken hiru grebetatik gaurkoa jendetsuena izan dela nabarmendu du Uhartek. "Orain arte itxi ez duten enpresek itxi dute eta langileek asanbladetara masiboki jo dute, grebaren aldeko apustua eginez. Hauteskunde sindikaletan gaudela eta Sakanako egoera zein den kontuan hartuz apustu handia egin dute langileek". Herriz herriEguna argitzerako Guardia Zibilaren presentzia handia izan da ibarreko hainbat tokitan. Horrek ez du eragotzi Altsasuko tren geralekuko zubian su barrikada batez kalea moztea. Suhiltzaileek itzali dute hura.Bestalde, greba orokorrera deitu duten sindikatu deitzaileek jakinarazi digutenez, Irurtzunen eta Arakilen industria arloan grebak %40ko jarraipena izan du. Denda guztiek bat egin dute grebarekin. Bestalde, Sapa enpresan ekoizpena gelditu egin da eta Hydron jarraipen zabala izan du. Irakaskuntzan langileen erdiek egin dute greba. Lakuntzan ez da dendarik zabalik. Industria arloan, berriz, langileen %90ak egin du bat pentsioen aldeko grebarekin. Horien artean Aceros Moldeados edo Sakana kooperatiba daude. Eskola publikoan gutxieneko zerbitzuak bete dira. Utzubar industrialdea, Arbizun, ia hutsik zegoen gaurkoan. Dendak itxi egin dituzte ateak eta irakaskuntzan ere %100eko jarraipena izan du greba orokor deialdiak. Etxarri Aranatzen ere merkataritzan eta irakaskuntzan grebaren jarraipena erabatekoa izan da. Industrian %90eko jarraipena izan du. Omnia eta Imaz Hermanos enpresek ateak itxi dituzte. Ceramicas Utzubarren, berriz, %30ek bat egin du grebarekin. Bakaikuko eta Iturmendiko dendek itxi egin dituzte ateak. Lehen herrian, gainera, Guema Manutencion lantegia gelditu egin da, eta bigarrenean edukiontzien enpresak. Iturmendiko Arrano Beltza eskolan gutxieneko zerbitzuak besterik ez dira bete. Grebarekin bat egin dute Urdiaingo denden %70ak. Industria arloan, berriz, jarraipen zabala izan du, horren lekuko, Magotteaux lantegia, itxita egon dela. Altsasun Ibarrea eta Isasia industrialdeek ez dute jarduerarik izan. Sunsundeguin, hori bai, langileen %70ak bat egin du grebarekin. Ondarria industrialdean, aldiz, jarraipen zabala izan du deialdiak. Esaterako, Iberica de suspensiones enpresan langile erdiek grebara jo dute. Erabat itxita egon diren enpresetako batzuk hauek izan dira: Lacunza Calor de Vida, Artoa, Unamuno pentsuak, Ramos elektrizitatea, Algoi, Mecalsa edota Aldakin. Merkataritzari dagokionez, greba deitzaileek jakinarazi digute %100 itxita egon zirela. Baita merkataritza eremu handiak, esaterako, Netto, Eroski edota Schlecker. Irakaskuntza arloan, berriz, institutuak eta ikastolak ateak itxi dituzte, eta gainontzekoetan jarraipen zabala izan da. Dendak itxita eta irakaskuntzan jarraipen zabala izan du grebak Olatzagutian. Industrian ere pentsioen aldeko aldarrikapenak oihartzun zabala izan du. Ziordian, azkenik, dendetan eta harrobian ez da mugimendurik izan. Administrazioei dagokienez, Sakanako Mankomunitatea itxita egon da gaurkoan. Gauza bera gertatu da Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Olatzagutiko udaletxetan.