Ihote taldea Bulgariatik bueltan

Guaixe 2011ko otsailaren 2a

Altsasuko ihote taldeak Bulgariako Pernik hiriko Nazioarteko Mozorroen Jaialdian parte hartu zuen asteburuan. Bulgariatik bueltan, bertan bizitakoen berri eman zigun Enrike Zelaiak. Altsasuko ihoteen berreskurapenean lan itzela egin duen akordeoilaria pozik ageri zen; "altsasuarren ihote ikusgarriak txundituta utzi ditu bulgariarrak" jakinarazi zigun. Ikuskizunaren indarraPernik hiriko karrikak ihotetako kolore, dantza eta musikaz bete ziren asteburuan. Bertan izan ziren Bulgariako hamaika txokotako eta munduko ihote nabarmenen ordezkariak. Denera, 150 bat herri ihotetako taldeak zeuden. Horien artean bi talde nabarmendu zituzten antolatzaileek: palestinarrak eta altsasuarrak. Enrike Zelaiaren hitzetan, "ihote talde guztiak bikain prestatuta zeuden. Errusiako armadako koroen antzera, diziplina handiko taldeak ziren, desfilatzera ohituta zuedenak". Altsasuarren ihoteak desfile ordenatu edo antzerkitik urruti daude. Pernikeko kale eta eszenatokietara egokitzeko, herriko ihoteak apur bat moldatu, eta bi koreografia prestatu zituzten. Moldaketak moldaketa, Altsasuko herri ihoteen indarra zabaltzeko gai izan ziren. "Ikusleak xaxatu, zirikatu genituen eta bulgariarrek ederki erantzun zuten. Herritarrak dantzan jarri genituen eta espontaneo bat edo beste sorginak edo juantranposoak atzetik zituztela korrika hasi zen" esan zigun akordeoilariak. Desfile ordenatuen aldean, Altsasuko taldearen ihote xaxatzaile eta parte hartzaileak ikusmira sortu zuen. Epaileek bereziki nabarmendu zuten altsasuarren ikusgarritasuna. Bestalde, ihoteetako pertsonaien artean juantranposo nabarmendu zen. "Adarrak, faleak edo zintzarriak eta golda zenbait ihotetan errepikatzen dira, baina juantranposoren janzkera eta jokaera zirikatzailea bulgariarrendako berriak ziren" azaldu zigun Enrike Zelaiak.Altsasuko taldearen arrakastaren adierazgarri da Portugalera eta Frantziara joateko jaso dituzten gonbidapenak. Hala ere, Zelaiaren esanetan ez da erraza izanen urte berean beste bidaia bat egitea. Egunez egunBidaia nekagarria egin dute Altsasuko Ihote Batzordeko kideek. 16 eta 75 urte arteko 30 lagunek Barajaserako bidea hartu zuten ostiralean, goizean goiz. Ordurako, paketeria bidez bidaliak zituzten mozorroak eta musika tresnak. Iluntzean iritsi ziren Pernikera eta lehen egunetik herriko kulturaren erakustaldia egin zuten: zortziko, jota eta momotxorro dantzak ez ziren falta. Larunbata eta igandea ziren egun nagusiak, Altsasuko ihoteak jendaurrera eramateko egunak. Altsasuarrek hiru emanaldi eskaini zituzten egun bakoitzean, horietako bi kalean eta bat udaletxe plazako agertokian. Sakandarrek baldintza horietara egokitu behar zituzten herriko ihoteak, baina, hala ere, Altsasuko ihoteen indarra transmititzeko gai izan ziren eta bulgariarrak haien festan sartu zituzten. Bestalde, larunbat arratsaldean nazioarteko ihoteetako ordezkariei harrera egin zien Pernikeko Udalak. Bertan izan zen Enrike Zelaia, altsasuarren ordezkari. Altsasuko Udalaren izenean momotxorroen zapia duen koadroa eraman zuen. 50 bat herri ihoteren ordezkariek diploma eta domina bana jaso zuten.Lau eguneko egonaldiaren ondoren, astelehenean itzuli ziren altsasuarrak, "nekatuta, baina pozik, beste behin ere Altsasuko ihoteen ikusgarritasuna agerian geratu delako.Martxoak 5Altsasuko ihote taldeak Bulgariarako prestatutako koreografiak eskainiko dituzte haurren ihotearen bezperan. Pertsonaien film laburrak, Pernikeko argazkiak eta grabazioak ikusteko aukera ere egonen da. Altsasuko ihoteak interes turistikoko festaIlbeltzaren 31n Altsasuko udalbatzak adostu zuen Altsasuko herri ihoteak Nafarroako Interes Turistikoko Festa izendatzeko prozesua hastea Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuan. Ihoteen Batzordearen eskaera jarraiki, udalak tramitea hasiko du, abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren arabera, Altsasuko ihoteek Interes Turistikoko Festa izendatzeko baldintzak betetzen dituela iritzita. Altsasuko ospakizunaren orijinaltasuna, herri izaera, balio kulturala, deigarritasuna eta atzerrian duen izena nabarmendu dute.  Altsasuko ihote batzordearen argazkiak hemen.