Santa Ageda koruak zoriona zabaltzen

Guaixe 2011ko otsailaren 4a

Gaur, Santa Ageda bezperan, kalera aterako dira Santa Ageda koruak "etxe guztiak kantuz pozteko" prest. Sakanako ertz batetik bestera, ikastetxeetako eta musika eskoletako haurrak, abesbatzetako kideak eta herritarrak kalez kale ariko dira, makilen erritmoaren laguntzarekin, bertso ezagunak abesten eta eskean. Bildutako puskekin asko eta asko merendatzera, txokolatea hartzera edo afaltzera bilduko dira. Sakanako zenbait herritan haien asmoen berri eman digute.Irurtzunen, Aizpea euskara taldeak 18:30ean jarri du hitzordua. Elurrarekin nahiz eguraldi onarekin, kantuan herriari buelta ematera gonbidatu dituzte herriko haur, gazte eta helduak. Irañetarrak 20:00etan aterako dira kalez kale, Santa Ageda koplak abesten eta eskean. Hotza ateratzeko, bildutako puskekin afaria eginen dute elkartean. Lakuntzako haurrek 17:00etan bilduko dira herriko plazan, baserritarrez jantzita. Eskola eta ikastolako haurrek musika eskolako musikarien laguntza izanen dute. Herriko kaleetan barna ordu eta erdi inguruko itzulia eman eta gero, bildutako puskekin otordu ederra eginen dute. Bestalde, abesbatzak 19:00etan du hitzordua. Makilak eta kriseiluak eskuan dituztela bertso ederrak zabalduko dituzte herriko karriketan. Ondoren, bildutakoarekin askaria eginen dute.Arbizun, 19:00etan jarri dute hitzordua herriko elkartean. Karrikan gora, Goienkalera abiatuko dira eta, akordeoia lagun, Santa Ageda koplak abestuko dituzte herriko karriketan barna, Barrenkaleraino. Eguraldia lagun badute, plazan amaituko dute kantaldia, gazta eta urdaiazpiko goxoarekin.Etxarri Aranatzen, udal musika eskolako ikasle eta ikasleak kalera aterako dira arratsaldeko 18:00etan. Fanfarrea lagun, txikiek Euskal Herriko martiriaren omenez abestuko dute. Herriari buelta eman eta gero, plazan txokolate bero-beroa izanen dute zain. Bestalde, herriko abesbatzak 20:00etan du hitzordua. Eskusoinu eta makilen laguntzarekin kalez-kalez abestuko dute. Mahaiaren inguruan agurtuko dute eguna.Bakaikuko txikiak bihar, Santa Ageda egunean aterako dira kalera. 11:00etan abiatuko dira herriko plazatik etxez etxe, "Santa Ageda andria, giltza handia jabia (...)" abesten. Eskean jasotzen dutenarekin bazkari ederra eginen dute ihoteetan.Iturmendiarrek hitzordua dute gaur, 19:00etan herriko plazan. Herritarrak ahotsak garbitu eta Santa Agedari gogoz abesteko prest irtengo dira. Herriari buelta eman ondoren, txistorrada ederra izanen dute Aritzaga elkartean. Altsasun Santa Ageda koru ugari izanen dira kalez kale egun osoan zehar. Musika eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek 17:45ean dute hitzordua mustu berri duten eraikinean. Fanfarrea lagun, Santa Ageda koplak zabalduko dituzte herriko karriketan. Amaitzeko, otamen ederra izanen dute. Bestalde, jubilatuen elkarteko korua kalera aterako da 18:30ean. Aita Barandiaran zahar etxean hasiko dute Santa Ageda bezperako kalejira. 19:30 aldera Iortia plazako iturrian herriko beste talde batekin bilduko dira, eta elkarrekin Foruen plazarako bidea hartuko dute bertan amaitzeko.