Sakandarrak Nafarroako landa eremuko eskolen lehen jardunaldian

Guaixe 2011ko otsailaren 2a

Larunbatean Lekarozen Nafarroako ehun bat irakasle bildu ziren, Nafarroako landa eremuko eskolen lehen jardunaldian. Eskola txikietan bakoitza zein lan egiten ari den erakutsi eta koordinaziorako gune bat izan nahi zuen topaketak. Estreinakoz antolatu dira jardunaldi horiek eta hainbat sakandarrek ere parte hartu zuten. Genaro Paniaguak, Iturmendiko Arrano Beltza eskola publiko zuzendariak, bilkuraren berri Beleixe Irratian (FM 107,3) eman zuen. Paniaguak azaldu zuenez, landa eremuko eskolen arteko harremanak indartu, haien proiektuak, izaera eta haien aldarrikapenak ezagutzera emateko eta haien artean konpartitzeko sortu dira jardunaldiak. Esan zuenez, jardunaldia "arrakastatsua" izan zen eta heldu den urtean jarraipena izanen du. SakaletaPaniaguak azaldu zuenez Nafarroan bada aurten bukatzen den hezkuntza paktu bat. Nafarroako landa eremuko eskolak hamaika eremutan zatitzen dira eta, paktuaren arabera, eremu bakoitzerako koordinatzaile bat izendatzea zegokien. Helburua, eskolak elkarlanean aritzea eta koordinatzea. Aldi berean, eremuetako koordinatzaile guztiak elkartu eta administrazioarekin lotura izateko egitasmoa zen. Nafarroako eskualde batzuk badute koordinatzailea, eta beste batzuk ez. Krisiagatik Hezkuntza Departamentuak murrizketak egin zituen eta koordinatzailerik ez duen eremuetako bat da Sakana. Ibarreko eskolak elkarlanean dabiltza, baina ahal duten moduan, baliabide gutxirekin. Alkatearen mezuaGenaro Paniaguak Iturmendiko alkate Nicolas Arbizuri landa eremuko eskolen inguruko idatzi bat eskatu zion. Testua jardunaldiko antolatzaileei erakutsi eta gustatu egin zitzaien eta bildutakoen urrean irakurri zuten, txalo zaparrada jasoz. Arbizuk idatzian herrietako zailtasunak aipatu zituen: garraioak, zerbitzuak... murriztuak ditugula herri txikietan. Baina, kasu horretan, zerbitzu horiek mantendu eta horien barruan eskolak duen garrantzia aipatu zuen. Gainera, eskola txikietan herriekin lotura indartu nahi dutenez, horren garrantzia azpimarratu zuen Nicolasek. Umeek herriko bizitza, herriko ohiturak, tokiak, leku izenak... ezagutzea. Eskolak eta herriak elkar elikatzen dutela eta bizia ematen diotela. Eskola mota horren aldarrikapena eginez eta administrazioari suposatzen zion esfortzuaz eta hura nola justifikatzen zen ere adierazi zuen.