Kintolandia Burundan

Guaixe 2011ko otsailaren 3a

Bihar da Santa Ageda eguna eta hari lotuta datoz kintoen festak Burunda guztian barna. Altsasun, Olaztin, Ziordian, Urdiainen, Iturmendin, eta Bakaikun asteburuan izanen dira ospakizunak, Altsasuko kasuan asteazkenera era arte luzatuko direnak. BakaikuAurten bost kinto daude Bakaikun: Nagore, Jon, Ekhi, Josetxo eta Danel, baina kinto ospakizunetara kinto gazteak - Amaia, Ane, Aingeru, Andoni, Ainhoa eta Oier- eta zaharrak - Uxue, Natalia, Javi eta Haizea gehituko zaizkie, eta hortaz hamabosten bat ariko dira festan. Gaur, ostiralarekin, Bakaikuko elkartean bilduko dira afaltzera eta ondoren parranda gogoak ez dira faltako.Bihar, larunbatarekin, goiz eta eguerdi partean kintoak Bakaikun eskean ariko dira, trikitilari eta panderoaren laguntzarekin giro ederrean. Santa Agedako kanta bat kantatzen dute, baina Bakaikukoa propio dena. "Santa Ageda, Santa Ageda, Santa Ageda andria, giltza handiak hartuta zerurako bidia" dio kantak. "Ohiko koplak baino doinu azkarragoa du eta niretzat politagoa da, alaiagoa, eta gainera herrikoa da. Etxez-etxe atea zabaltzen digutenei ardo zahatoa eskaintzen diegu eta aipatu kanta kantatzen diegu, trukean borondatea eskatuz. Dirua edo pastak, arraultzak... bakoitzak nahi duena ematen du" azaldu du Haizea Galarza kinto zaharrak Beleixe irratian. Herrian barna ibili eta gero, autobusa hartu eta Ataungo sagardotegi batera joko dute, bapo bazkaltzera. Bueltan Altsasun geratuko dira, kintoen dantzak ikusi eta parrandarekin jarraitzeko.Igandea egun lasaia izaten dute. "Ez dakit gosaria edo merienda egingo dugun. Ikusiko dugu" dio Haizeak. Iturmendi  Lau kinto daude aurten Iturmendin: Ihintza Nuñez, Ainara Aberasturi, Alain Gabirondo eta Irati Azkargorta. Baina batuko zaizkien kinto gazte eta zaharrekin -bost kintada- 18 izanen dira festaz gozatuko dutenak, aipatutakoez gain Unai Lopez, Mikel Madinabeitia, Daniel Cerezo, Maider Gabirondo, Ander Gabirondo, Garbiñe Lopez, Ainhoa Goikoetxea, Asier Lopez, Urko Agirre, Izaskun Jungitu, Naiara Diez de Arizaleta, Ekaitz Gabirondo, Josu Lizarraga eta Ruben Martinez de Ordoñana.Guztiak gaur afaltzera elkartuko dira Aritzaga elkartean eta ziurrenik gaua luzatu eginen zaie, elkartean bertan DJ Sergeik jarritako musikari esker. Bihar, larunbatean, 11:00etatik aurrera herrian barna eskean ariko dira gazteak, Arbizuko trikitilarien doinuak lagun. Eskatzeaz gain, pastak eta moskatela eskainiko diete iturmendiarrei. Bazkaltzera ere elkartean bilduko dira eta arratsaldean, trikiti doinuak lagun, parrandan ariko dira herrian barna. Gauean Altsasura joko dute, bertan afaldu eta parranda egiteko asmoz. Urdiain Sei kinto daude aurten Urdiainen, lau mutil eta bi neska: Imanol Etxarri, Mikel Pardo, Nagore Villar, Ane Galarza, Tasio Leiñena eta Alex Lopez de Goikoetxea. Egun hauetako ospakizunetan, hala ere, aldamenean izanen dituzte kinto zaharrak, David Irigoien eta Nora Olaiz, eta kinto berriak: Igor Larunbe, Nekane Irigoien, Zuriñe Lopez de Muniain, Ainhoa Ocaña, Edurne Goikoetxea, Mati Ostiza eta Iñaki Berastegi. "Horretaz gain beti kintoak ere hurbilduko zaizkigu, horiek ere existitzen baitira, festetarako beti prest" azaldu du Alex Lopez de Goikoetxea kintoak Beleixe irratian. Urdiaingo kintoak hiru aste lehenago biltzen dira festa egunak antolatu eta Urdiaingo zortzikoa ikasteko. Azken horretarako Javi "Ipi" Zelaiaren laguntza izaten dute. Guztiak ere gaur bazkaltzera bilduko dira. Mahaitik altxa eta gero, herrian barna, axuri baten zozketarako txartelak saltzen ariko dira. Iluntzean, afaldu eta ongi pasatzeko gogoekin jarraituko dute. Bihar, larunbat goizean, igandean plazan dantzatuko duten zortzikoa ongi prestatzeko entsegu orokorra egingo dute. Eta bapo bazkaldu eta gero, traktorean igo eta baserrietara joango dira, dirua eskatzera, boletoak saltzera eta horretaz gain, zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatzera. "Niretzat kintoetako gauzarik politena da hori, traktorean baserrietara jaistearena" gaineratzen du Alexek. Baserrietatik bueltan, Urdiainen mahaiaren inguruan bilduko dira, eta oraindik ez dakite gaueko parranda Altsasun edo Urdiainen egingo dute. Izan ere, Urdiaingo gainontzeko kintoek bazkari-afariak egiten dituzte kintoka, eta giro oso ona izaten da herrian. Domekan gosaltzera bilduko dira kintoak. 13:00ak aldera plazan dago hitzordua jarrita. Kintoek azken asteetan entseatutako dantzak (zortzikoa, jota eta porrusalda) dantzatuko dituzte. Aurten lau kinto mutil direnez, bi kinto gazte mutilekin batu eta sei zortziko dantzatuko dituzte. "Niretzat oso polita da Urdiaingo zortzikoa. Gainera, denak nahiko ongi gabiltza" azaldu du Alexek. Saioaren ondoren etxez etxeko diru eskea hasiko dute eta bazkariarekin despedituko dituzte ospakizunak. AltsasuSanta Ageda ospakizun handia izan ohi da altsasuar guztiendako eta zer esanik ez aurtengo kintoendako. 46 neska-mutiko dira aurten kintoak. Horrela, gaur, Santa Ageda bezperan, bazkaldu eta gero kintak kalera aterako dira kantuan, baserritarrez jantzita, eta diru eskean arituko dira Santa Agedako koplak kantatuz. Arratsaldean kinta eta kinto guztiak meza elizkizunean bilduko dira. Bihar, Santa Ageda egunean, mutilen txanda izango da. Goizean, Daniel Etxabarri aurtengo erregeak eta Itziar Amado aurtengo erregina nesken bila abiatuko dira etxez etxe, Andoni Fernandez bigarren erregea eta Edurne Martinez bigarren erregina lagun dituztela, eta euren etxeetan opilak bilduko dituzte, segidan hauek lantegi eta tabernetan saltzeko. Opilak makila handi batean jasoko dituzte, eta neska bakoitzaren etxean jota eta porrusalda dantzatuko dute. Haiekin boteroa joango da. Bere eginbeharra kintoek bildutako dirua jaso eta astoak daramatzan alforja edo poltsetan gordetzea izango da. Aurten Josu Azpeztegia gaztetxoa izango da boteroa eta astoa eta gurdia zaintzea izango da bere lana. Jakina, bitartean kinto mutilak diru eskean ariko dira, txuriz jantzita, kaikuarekin eta txapelarekin. Zilarrezko erretiluak erabiliko dituzte dirua eskatzeko, eta eskuan, zintaz apaindutako gorosti makila ederra izanen dute. Bularrean gurutzatutako bi zapi daramatzate, eta horretaz gain lepoan armarriekin brodatutako zapi zuria eta aurrean zapi berdea, Santa Ageda martiriaren kolorea, hain zuzen. Etxez-etxe, komertzio eta lantegietan, Altsasutik pasatzen diren autoetan... toki guztietan ariko dira eskean, baina aurten Santa Ageda eguna larunbata izatean akaso aurreragorako utzi beharko dute itxita egongo diren tokietan eskatzearena. Izan ere, mutilek bihar bildutakoarekin, opilen salmentarekin eta gaur neskek jasoko dutenarekin batera asteazkenera arte iraunen duten festak finantzatu behar dituzte, bazkari-meriendak eta beste. Diru kontaketa astelehenean eginen dute Vasconia bankuan. Jakina denez, arratsaldero, 19:30ean, kintoek zita garrantzitsua dute plazan. Juan Cruz Bengoetxearekin eta Andoni Beramendirekin ikasitako zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatu beharko dituzte kinto guztiek. Erregea eta erregeordea izanen dira dantzatzen lehenak, eta gero gainontzekoen txanda izango da, asteazkenera bitartean arratsaldero errepikatuko diren saioetan. Baina Santa Ageda ez dute soilik urte bakoitzeko kintoek ospatzen. Santa Ageda egunean ospakizunen 25. eta 50. urteurrena eta 60. urte betetzen dituztenek ere urteko kintoekin bat egin eta festa handia ospatzen dute, eta arratsaldeko zortziko dantzaldian ere aritzera animatuko dira. Baina aurten Santa Ageda eguna larunbatarekin tokatu denez, gainerako kintada guztiek ere bihar eginen dituzte bazkari-afariak, Santa Ageda egunean, festa egun ederra ziurtatuz. Ohikoa denez dantzaldia izanen da plazan. Aurtengo kintoakAurten 44 kinto daude Altsasun. Kintak: Itziar Amado Aramendia (erregina), Edurne Martinez Arrese (erreginordea), Noelia Misiego Diaz, Andrea Diez Fernandez, Nekane Corcuera Mazkiaran, Leire Lazkoz Herrera, Maite Caro Batuecas, Amaia Bravo Santo Tomas, Sara Garcia Palacios, Leire Gomez Aguilar, Aroa Blazquez Gallardo, Idoia Gomez Pascual, Nerea Martinez Romero, Marta Fernandez de Ara, Eider Pelaez, Saioa Lizarraga, Jenny Otxoa, Maialen Begiristain, Beatriz Diaz, Ane Aldaz Iriarte, Mirentxu Goikoetxea Aldasoro, Amaia Benitez Frances eta Izaro Retegi Anzizar. Kintoak: Daniel Etxabarri Manjon (erregea), Andoni Fernandez Barriga (erregeordea), Kevin Marques, Sergio Barroso, Pedro Garcia, Alejandro Salgado, Jon Lapuente, Julen Alonso, Aritz Armendariz, Iñigo Urrestarazu, Iker Agirre, Ander Rivas, Xabier Navarrete, Ekaitz Jarones, Borja Saavedra, Iñigo Agirre, Kepa Zelaia, Igor Martinez, Mikel Claver, Mikel Zelaia eta Asier Barreira.OlatzagutiaOlatzagutian bost kinto dira aurten: Garbiñe Arguelles, Sara Adarraga, Imanol Bravo, Hodei Lekuona eta Javier Martinez de Goñi, eta lau eguneko ospakizunak izanen dituzte. Olaztiarrak goiztiarrenak izaten dira ospakizunekin hasten, atzo hasi baitziren. Ostegun goizean meza izan zuten San Sebastian ermitan eta apaizak kintoek eramandako opilak bedeinkatu zituen. Ondoren alkateari, apaizari, medikuari eta olaztiar edadetuenari banatu zizkieten opilak, eta igandera arte iraunen duten festak finantzatzeko diru eskean hasi ziren etxez-etxe eta dendatan, txarangaren laguntzarekin. Baserritarrez janzten dira Olaztiko kintoak, eta mutilek zintez apaindutako makilak daramatzate. Igandera bitartean ez zaie bazkari eta afaririk faltako. "Hamaiketakora herriko tabernek eta elkarteek gonbidatzen gaituzte, eta bazkariak eta afariak gure kontu dira, eta egunero txarangarekin - lehendabiziko hiru egunetan- eta trikitixarekin - azken egunean- ibiliko gara" azaldu du Garbiñe Arguellesek Beleixen. Etxeetan dirua eskatzeaz gain, gainontzeko egunetan Olaztitik pasatzen diren autoei dirua eskatuko diete eta enpresetatik ere eskean pasako dira. "Ostegunean eta ostiralean dirua eskatzen ariko gara eta larunbatean eta igandean ongi pasatzen" gaineratu du kinto olaztiarrak.  Horrela finantzatuko dituzte igandera arteko festak. Aurtengo kintoez gain, olaztiar guztiek kinto bazkari edo afariak izanen dituzte bihar, larunbatarekin, kintadak. Tradizio handiko eguna da Olaztin, eta egun horretan plazan dantzaldia eta giro paregabea izaten da.Ziordia   Aurten hiru kinto daude Ziordian: June Altzelai, Imanol Urra eta Aitor Luis. Baina haiekin batera kinto gazteak - Mikel Barandalla eta Ane Iturriaga- eta kinta zaharrak -Amagoia Azpiroz, Leire Urdiain, Ainhoa Mozo eta Irantzu Okariz- ariko dira parrandan. Gaur Errekartea elkartean bazkaltzera bilduko dira eurek prestatutako bazkarian, eta ondoren herrian barna ibiliko dira parrandan. Atzera ere elkartean afaldu ondoren poteatzeko txanda helduko zaie. Bihar eguerdian gazteak kalera aterako dira, hamaiketakoa hartu eta gero, eta trikitixa lagun Ziordiko etxeetan eskean ibiliko dira giro alaian. Urtetik urtera kintoetatik kintoetara pasatzen den zaku luze bat erabiltzen dute eskea egiteko, ziordiarrek euren borondatea bertan bota dezaten. Gainera, axuri bat zozketatzeko boletoak salduko dituzte. "Lehen uste dut dantzatzen zela, baina galdu egin zen ohitura hori" azaldu du Amagoia Azpirozek Beleixe irratian. Ondoren elkartean bilduko dira, gurasoek prestatu dieten bazkariaz gozatzera. Arratsaldean, eta musika lagun, herrian barna ibiliko dira poteatzen eta ongi pasatzen. Iluntzean sagardotegi batera joango dira afaltzera, eta ondoren Altsasura joko dute han parranda ederra egiteko asmoz. Aipatzekoa da kintoez gain gainontzeko ziordiarrak kintoka bilduko direla ere larunbatean, bazkari-afarietan, kintadaka. Kinto ospakizunak domekan Ziordiko taberna batean egingo duten bazkariarekin despedituko dituzte. Bazkarian daudela eginen dute axuriaren zozketa.