Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
B multzoan larunbat arratsaldean erabaki zen zein bikok egin zuen aurrera. Etxarri Aranazko pilotalekuan jokatutako jaialdian Nazabalek eta Jauregik Arria eta Rekondo izan zituzten aurkari. Etxean jokatzeak lagundu zien eta lehendabizikoak sailkatu dira zuzenean finalerdietarako, Arria eta Rekondo menpean hartu eta gero. Lan erdiek erabaki zutenHasieran parez pare aritu ziren bi bikoteak. 45 ontzakoa kolpeka erdibitu beharreko proban bi bikoek 41 aizkorakada behar izan zituzten enborra botatzeko. Kana-erdikoa zutik mozteko proban aurrea hartu zuten Nazabalek eta Jauregik (1:47). 2:01 izan zen aurkarien denbora. 45 ontzakoa erlojuz kontra mozteko lanetan azkarragoak izan ziren Nazabal-Jauregi (1:53), arerioei 3 segundo eskas aterata. Aldiz, hurrengo bi probatan Arria eta Rekondo nagusitu ziren. 45 ontzako enbor bat zutik eta bestea etzanda ebakitzeko lanetan 2:12 behar izan zituzten Arriak eta Rekondok eta 10 segundo gehiago Nazabalek eta Jauregik, eta 60 ontzako bi enbor 4:12 denboran erdibitu zituzten Arriak eta Rekondok eta 4:24etan Nazabalek eta Jauregik. Hortaz, lan erdietara soilik 5 segundoko aldearekin iritsi ziren Nazabal eta Jauregi. Baina lan erdietan nagusi izan ziren. Lau kana-erdiko eta bi 60 ontzakoak 9:47 denboran erdibitu zituzten Etxarriko maisuak eta Ilarduiako Lezekoak, eta 11:40 behar izan zituzten arerioek. Hortaz, lan guztiak kontuan hartuta 20 minutu eta 54 segundo behar izan zituzten Nazabal-Jauregik eta 22 minutu eta 42 segundo Arria V-Rekondok. Saioa hasi baino lehen ilusio askorekin zeudela adierazi zuen Nazabalek eta finalerdietarako sailkatzeko ilusioa, behintzat, gauzatu zuten. Herrian jokatzeak lasaitzen ote zuen galdetuta, akaso "urduriago" jartzen zela nabarmendu zuen etxarriarrak, baina herritarren berotasuna sentitzen zuela. Jauregirekin "oso ondo moldatzen dela" nabarmendu zuen Florenek, gertu bizi direnez entrenatzeko hitzordua jartzea erraza dutela eta ongi moldatzen direla. Biek elkar ongi ezagutzen dutela eta ongi aritzen direla gaineratu zuen. Beraz, Nazabal-Jauregi zuzenean sailkatu dira Urrezko Aizkorako finalerdietarako. A multzoan Arrospide-Mugerza II.ak lortu dute txartela eta C multzoan Larretxea aita-semeak. Hortaz, faborito nagusienek egin dute aurrera. Laugarren finalista zein izango den larunbatean erabakiko da Elgoibarren, 19:00etan eta ETBk eskainita. Multzo bakoitzean bigarrenak sailkatu diren bikoteak ariko dira lehian finalerdietarako postua nork lortu: Azurmendi-Atutxa II, Lopez Azpilikueta-Erasun eta Arria V.-Rekondo. Finalerdietan Arrospide-Mugerza arerioLaugarren finalistaren zain dago txapelketa baina Egur Sport antolatzaileak finalerdietako lehendabiziko jardunaldia zehaztu du dagoeneko. Otsailaren 13an jokatuko da, 12:00etan, Munitibarren, eta ETB 1ek eskainiko du. Floren Nazabalek eta Arkaitz Jauregik Anjel Arrospoide eta Ugaitz Mugerza izanen dituzte arerio. Otsailaren 20an hurrengo finalerdia erabakiko da Espejon: Larretxea aita-semeak larunbatean Elgoibarren finalerdietarako sailkatzen den bikoaren kontra ariko dira. Finala Azpeitiako Izarraitzen jokatuko da otsailaren 27an, 12:00etan. Juanjo Erdozia Sakanako Aizkora Txapelketako garaileEtxarri Aranazko jaialdian Sakanako Aizkora Txapelketa antolatu zuen Egur Sportek. Sakanako sei aizkolari aritu ziren, gehienak Sakanako Aizkora Eskolan trebatzen ari direnak: Erdozia etxarriarra, Beltza etxarriarra, Sakana altsasuarra, Resano dorrobarra, Goñi etxarriarra eta Villarreal urdiaindarra. Txapelketa torneo azkarra izan zen, eta 45 ontzako enborra zeinek azkar erdibitu lehiatu ziren sei aizkolari sakandarrak. Lehen fasean, Villarreal eta Erdoziaren arteko lehian Erdozia izan zen azkarrena, Goñi eta Beltzaren arteko lehian Beltza eta Resano eta Sakanaren artekoan Resano. Bigarren fasean galtzaileak aritu ziren, Villarreal, Goñi eta Sakana, eta Goñi izan zen azkarrena eta aurreko hiru irabazleekin finalerdietarako sailkatzea lortu zuena. Finalerdietan Erdozia Goñiren kontra aritu zen eta Erdozia izan zen azkarrena. Eta Resano eta Beltzaren arteko lehian Resano gailendu zen. Hortaz, Erdozia eta Resano sailkatu ziren finalerako. Finalean bi 45 ontzako erdibitu beharko zituzten eta Juanjo Erdozia etxarriarra izan zen txapelduna, lanak 4:30ean despedituta. Resanok minutu erdi gehiago behar izan zuen, 5:01.