Sakana taldeak itxura hobea eman zuen

Guaixe 2011ko urtarrilaren 31

2011ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketako emakumezkoen 540 kiloko bigarren jardunaldia jokatu zen asteburuan Ibarran. Hiru talde aritu ziren: Gasteizko Badaiotz, Ibarra eta Sakana taldea. Jakina denez, 540 kilokoan 8 tiratzaile behar dira eta taldea osatzeko arazoak izan zituen Sakanak, nesken taldeak bajak izan baititu. Azkenean Amaiur taldeko tiratzaile batzurekin osatu dute taldea, Sakana izena badarama ere. Durangon jokatutako jardunaldian ez ziren oso fin ibili Sakanakoak, baina asteburuan Ibarran jokatutakoan itxura askoz hobea eman zuten. Bi itzulira jokatu zuten bigarren jardunaldia. Nabarmentzekoa da beste behin ere Gasteizko Badaiotz taldea jaun eta jabe izan zela. Iazko txapeldunek talde sendoa osatzen dute, ia menperagaitzak dira, eta atzera ere jokoan zituzten tiraldi guztiak irabazi zituzten. Hortaz, Badaiotzek menpean hartu zituen Sakana eta Ibarra. Sakanak, bere aldetik, bi txandetan hartu zuen menpean Ibarra, eta gipuzkoarrek ez zuten tiraldirik irabazi. Larunbatean Zeberiok erabakiko duSailkapen orokorrean, eta bi jardunaldi jokatuta Badaiotz da liderra, 12 punturekin. Sakanak 6,5 puntu ditu eta Ibarrak 5,5. Larunbatean, otsailaren 5ean, emakumezkoen 540 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da Zeberion, 17:00etan. Hirugarren jardunaldi horrek erabakiko du txapelketa. Ez da sorpresarik izango eta ziurrenik Badaiotzek jantziko du txapela. Hortaz, jakin mina bigarren eta hirugarren postuen zehaztapenean dago. Ea larunbateko itxura eman eta Sakana txapeldunordea den.