Rural Kutxak Igor Anton eta Cuesta fitxatu ditu

Guaixe 2011ko urtarrilaren 31

Mailaz igo eta aurten maila profesional kontinentalean ariko den Rural Kutxak beste bi txirrindulari fitxatu ditu: Euskalteletik datorren Igor Anton, eta Cervelotik datorren Iñigo Cuesta beteranoa. Cuestak 41 urte ditu eta tropeleko beteranoena da, Andrea Noe (42 urte) txirrindulariaren atzetik. Bien fitxaketarekin Espainiako Vueltara gonbidatua izateko pausua eman du taldeak. Alde batetik, Vueltako antolakuntzak lehen dortsala eman zion iaz Cuestari, 17 aldiz jarraian Vueltan aritu izanagatik, eta 18. aldiz aritzea nahiko luke Rural Kutxak. Vueltako antolakuntzak gonbidatuko dituen taldeen inguruko erabakia maiatzean hartuko du - Andalucia, Geox eta Cofidis gonbidatuko dituztela ziurtzat ematen da eta laugarren taldea ezin izango den airean dago - , eta ordurako postu onak lortu nahi ditu Rural Kutxak. Antonen eta Cuestaren fitxaketekin aurrean egotea nahi dute. 20 txirrindulariak20 txirrindulari izango ditu Rural Kutxak: iazko plantillatik datozen Arturo Mora, David de la Cruz, Egoitz Garcia, Fabricio Ferrari, Garikoitz Bravo, Guillermo Lana, Higinio Fernandez, Joaquin Sobrino, Jose Herrada, Oleg Chuzhda, Ruben Martinez eta Ruben Reig, Rural Kutxa afizionatuen taldetik igotako Alexander Ryabkin, Igor Romero eta Victor de la Parte, eta aurten fitxatutako Javier Moreno, Diego Milán, Julián Sánchez Pimienta, Igor Anton eta Iñigo Cuesta. Xabier Artetxe eta Eugenio Goikoetxea  izango dira taldeko zuzendariak, eta Mikel Azparren kirol arduraduna. Jakina denez, Floren Esquisabel altsasuarra da klubaren presidentea eta Juan Manuel Hernandez taldearen managerra. Rural Kutxakoak Mallorcan kontzentratuko dira eta Mallorcako Challengetik hasita emaitza onak lortu nahi dituzte Vueltara gonbidatuak izateko. Bestalde, Rural Kutxako zuzendari ohi Iñaki Juanikorenak demanda jarri du Rural Kutxaren kontra. Kontratua sinatu eta gero, enpresak kargutik kendu zuen Juanikorena hitzez, kirol irizpideetan eta irizpide teknikoetan ezberdintasun handiak zeudela argudiatuz.