Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskaltel-Euskadi taldeak denboraldiaren aurkezpena egin zuen atzo Donostiako Antzoki Zaharrean. 23 txirrindulari ditu aurten taldeak, eta Pro Tour mailako taldeen artean aurrekontu gutxiena dauka, 7 milioi eurokoa. Baina hala ere helburu potenteak ditu taldeak. Izan ere, iaz urte borobila izan zen talde laranjarendako, 17 garaipen lortu baitzituen, horietako bat Pablo Urtasun urdiaindarrak. Hortaz, aurten helburu potoloagoak jarri ditu Euskaltelek: Tourreko podiumera igotzea Samuel Sanchezekin eta Espainiako Vuelta irabaztea Igor Antonekin. Gainontzeko txirrindulariek helburu horiek gauzatzen lagundu beharko dute, eta, horretaz gain, etapa garaipenengatik borrokatu beharko dute. Aurten 9 txirrindulari nafar daude talde laranjan, tartean lau sakandar: Egoi Martinez eta Gorka Verdugo etxarriarrak, Jorge Azanza altsasuarra eta Pablo Urtasun urdiaindarra. Sakandarren asmoakEgoi Martinez zazpigarren urtez ariko da Euskal Herriko Itzulian, Tourrean eta Vueltan. Sanchez eta Antonen ezkutari fidelenetako bat izango da, eta horretaz gain, garaipenen bat lortzea da bere helburua. "Horretarako gogor egingo dut lan" adierazi zuen. Gorka Verdugo ere talde gizon oso baloratua da eskuadra laranjan. Aurten ere Tourrean eta Vueltan ariko da, eta Egoi Martinez bezala, lan gogorra eginen du bere liderren alde. Ilusioarekin dago etxarriarra. Jorge Azanza altsasuarraren helburu nagusia, aldiz, Italiako Giroa izango da. Beteranoa da Euskaltelen, baina orain arte soilik handi batean aritu da, Tour batean. Aurten Giroa ezagutuko du eta ilusio handiarekin dago. "Ibilbidearen aldetik proba gogorrena da Giroa. Mendi asko daude eta Anton eta Nieve izango dira liderrak. Beraiei laguntzea izango da nire lana eta ahal izanez gero aukerak aprobetxatuko ditut" adierazi du. Eta Pablo Urtasun Urdiaingo txirrindulari azkarrak aurten aukera gehiago izango ditu, bere lana ez baita izango Koldo Fernandez de Larrearen esprint bideratzaile izatea esklusiboki. Ez da horrenbeste arituko arabarrarekin, beste egutegi bat izango du, eta, hortaz, demostratzeko aukera eman dio taldeak. Horretaz gain Tourrean debutatuko du urdiaindarrak eta horrek "ilusio handia" ematen omen dio.