Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Otsailaren 27an, 11:00etan, Sahararen Aldeko Maratoia-Salem Hach Embarek Memoriala jokatuko da. Lasterketaren helburua Saharako errealitate gordinaren berri ematea da. Jakina denez, duela 36 urte Marokok Mendebaldeko Sahara indarrez hartu zuen eta ordutik herri saharauia banatuta dago. Saharaui asko Algeriako basamortu gogorrean dauden Saharako kanpamenduetan daude. Eta hain zuzen ere, duela gutxi Marokok gogor eraso zituen Saharako kanpamenduak. Saharako maratoian parte hartzeko makina bat talde ari dira lanean, tartean www.euskalsaharathoia.com web gunea. Iaz 280 korrikalari inguru aritu ziren maratoian. El Aaiunetik atera eta Saharako basamortu gogorrean barna 42 km ibili eta gero Smarara ailegatu ziren. Aritu ziren 88 korrikalari euskaldunen artean Mikel Goldarazena irurtzundarra zegoen. Goldarazenarendako bere lehenengo maratoia izan zen Saharakoa. "Hasieran ongi, gero nekea, beroa, area, dunak, nekea, eta neke gehiago... baina 5 ordu ondoren Smaran nengoen. Ez galdetu nola" azaldu zuen orduan. Maitane Txueka arbizuarra ere aritua da aipatu lasterketan, 2009an, eta lehendabiziko emakumezkoa izan zen edizio hartan (4:16:15). Mikel Goldarazenak Saharako maratoian aritzeko gonbitea egin nahi die sakandarrei. "Ea aurten 100 korrikalari euskaldunek bertan aritzea duten!". Izena emateko www.euskalsaharathoia.com web gunera jo eta han jaso daitezke azalpen guztiak. Bidaiari dagokionez, Madriletik abiatzen den orkezkaritzak Tindoufeko (Aljeria) aireportura zuzenean bidaiatzen du Air Aljerie konpainiako hegaldi txarter batean. Madrildik Tindoufera otsailaren 25ean abiatuko da hegaldia, arratsaldez, eta Tindoufetik buelta martxoaren 4an izanen da, gauez. Prezioa 900 eurokoa da, bai lasterkari bai lagunendako. Prezioan barne daude Madriletik ateratzearen gastu guztiak: hegazkina, bidai segurua, kanpamendurako trasladoak, saharauiar familien etxeetako egonaldia, janaria, lasterketa inskripzioa, kamiseta, domina, e.a. Lasterketarako inskripzioaren 200€k kanpamendutan kirol instalazioak egiteko erabiliko dira.www.euskalsaharathoia.com edo www.saharamarathon.org Saharako maratoiari buruzko informazio guztia, izen ematea barne.GertutikMikel GoldarazenaKorrikalariaIaz Saharako maratoian parte hartu zenuen. Aurtengo ediziorako animatu zara?Bai. Nik dakidala Sakanatik ni eta Unanuko neska bat joango gara, Angelines Lizarraga. Ea beste norbait animatzen den!Gogorra da Saharako maratoia?Nire lehendabiziko maratoia zen eta ez nuen behar bezala prestatu, baina beste maratoi batzuk bezalakoa da. Distantzia bera, 42 km, baina basamortuan, bero pixka batekin. Baina ez da ere proba extremo horietako bat, distantzia hauetan aritzen den edonor aritu daiteke. Zer dauka berezi proba honek bigarrenez bertara joatera animatzeko? Zerk erakartzen zaitu?Alde batetik lasterketa berezia dela, basamortuan egiten dena, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan. Eta bestetik elkartasunezko lasterketa bat dela. Saharaui askok 36 urte egingo dituzte Algeriako basamortu gogorrean dauden Saharako kanpamendu hauetan, baldintza oso gogorretan. Gainera, berriki Marokok El Aayunen egindako sarraskia hor dago eta hori salatu beharra dago. Elkartasuna adierazi behar diogu Saharari. Eta gainera badirudi aurten jende gutxiago animatzen ari dela izena emateko. Eta hori zergatik?Arrazoi askoren batuketarengatik izango da. Krisi ekonomikoaren eragina, El Aayunen gertatutakoen aurrean akaso beldur piska bat... denetatik. Baina oso egoera gogorrean daude saharauiarrak. Krisi egoeragatik eta Haitiko hondamena zela eta laguntza asko bertara joan zelako jaki eta laguntza gutxiago jasotzen dituzte Saharan eta gure laguntza behar dute. Sakandarrak Saharako maratoian aritzera animatuko zenituzke?Zalantzarik gabe. Sekulako esperientzia da eta pena merezi du. Lasterketan aritzeaz gain, esperientzia bikaina hori ere, aste bat pasatzen duzu kanpamenduetan bertako egoera ezagutzen. Aste bat pasatzea bertako familiekin bizitzen, euren basamortuko jaimetan eta hango bizimodua ezagutuz oso aberasgarria da. Jendea oso atsegina da, abegitsua, oso ongi hartzen zaituzte eta bikain tratatu.