Movistar Team taldeak aurkezpena egin zuen atzo

Guaixe 2011ko otsailaren 2a

Telefonicaren Madrilgo egoitzan aurkeztu zen atzo Eusebio Unzuéren azken egitasmoa, Caisse d´Epargne taldearen lekukoa hartuko duen Movistar Team taldea. Irurtzunen sortu zen talde nafarrak babesle ezberdinak izan ditu bere 32 urteetan: Reynolds, Banesto, Illes Balears, Caisse, Movistar Team... eta profesional mailako talde zaharrena da. 25 txirrindulari izanen ditu taldeak, tartean Caissetik datorren Hiriberriko Imanol Erbiti. Aurten bere zazpigarren profesional urtea izango da. Babesle sendoa lortu du Unzuék, Movistar talde indartsua, baina taldeak ez du lider handi bat. Valverde 2012ra arte zigortua dago, eta ziurtzat jotzen da zigorra bete eta gero Movistarren ariko dela. Bitartean, Beñat Intxausti, Xavi Tondo eta Soler izango dira Tourrerako gizon indartsuenak, eta Gutierrez, Pardilla, Rojas eta Soler garaipenak lortzeko borrokatuko dira. Bestalde, iaz erretiratu zen Jose Luis Arrieta uhartearra Movistar Team taldeko kirol zuzendarietako bat izanen da, Jose Luis Jaimerena, Alfonso Galilea eta Ivon Ledanoisekin batera.   Euskaltel Euskadik bihar eginen du aurkezpena, DonostianEuskaltel Euskadi taldeak bihar eginen du aurkezpena, San Blas egunean, Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan. 23 txirrindulari izango ditu aurten 18. denboraldiari hasiera emango dion taldeak. Tartean lau sakandar ditugu: Egoi Martinez eta Gorka Verdugo etxarriarrak, Juanjo Oroz altsasuarra eta Pablo Urtasun urdiaindarra. Igandean hasiko da Mallorcako ChallengeaAustraliako Tour Down Under eta San Luiseko Tourrari lekua hartuta, igandean, otsailaren 6an abiatuko da Mallorcako Challengea, otsailaren 10era arte luzatuko dena. Sakandarrei dagokienez, Euskalteletik Pablo Urtasun ariko da, Movistarretik Imanol Erbiti eta Orbeatik Xabier Zabalo. Horretaz gain, Rural Kutxa taldea ariko da.