Sare sozialak eta altxamenduak

Guaixe 2011ko otsailaren 3a

Egun hauetan albiste dira arabiar herrialde askotan altxamenduak gertatzen ari direla. Gehienek egoera ekonomikoa dute arrazoi nagusia, baina askotan badira gobernua aldatzeko, demokrazian sakontzeko edo beste herrialde batzuetan gertatzen denaren antzekoa egiteko gogoa. Egoera afrusa sortu duen domino efektu sakon baten aurrean gaude, Tunisian hasi eta orain Egiptoraino iritsi dena, baina litekeena da beste herrialde askotara hedatzea. Ez da nire asmoa, ordea, honen zergaitiei buruz hitz egitea, baizik eta sare sozial eta Internetek jokatu duten papera aipatzea.Wikipedian artikulu dexentea dugu gaiaren inguruan (http://eu.wikipedia.org/wiki/2010-2011ko_arabiar_munduko_matxinadak), eguneroko berriekin gaurkotua. Testu bilduma ona, erreferentzia ezberdinak eta, batez ere, eduki librea da webgune honetan aurki dezakeguna. Egoerak, hala ere, sorpresaz hartu ditu nazioarteko analista gehienak eta zaila izan da lehenengo egun horietan analisi onak aurkitzea. Kasu hauterako beti izaten dira onak http://www.rebelion.org bezalako webguneak, non ezkerreko analisiak argitaratu ohi dituzten. Hau idazterakoan hogei bat no artikulu izango dituzte Tunisia eta Egiptori buruz, eta batzuetan Yemen, Arjelia edo Sudan ere aipatzen dituzte.Baina benetan bitxia izan dena sare sozialen erabilera izan da. Sudan, Egipto, Siria, Tunisia eta litekeenez ere Libano eta Jordanian Facebook zein Twitterrek eragin handia izan dute. Protesta asko sare hauetatik deitu ditu jendeak eta, adierazpen askatasuna askotan murriztua duten herrialdeak izanik, arma ona aurkitu dute bertan. Ziurrenik guraso askok kezka izango dute euren seme-alabek Tuenti edo bestelakotan egiten dutenagatik. Lasai, justifikaturik dago. Jendearen gehiengoak sare sozialak elkarrizketa hutsalerako baino ez du erabiltzen, azken txutxumutxuak edo orain dela bi aste egindako parrandako argazkiak ikusteko. Egipton ere antzekoa izango dela ziurtatu ahal dizuet, nahiz eta ideiarik ez dudan hangoek idazten dutenaren inguruan. Zorionez, ordea, badira tresna hauek informazioa trukatzeko erabiltzen dutenak ere. Twitterren etiketak erabiltzen dira horretarako. Egipton, kasu honetan, #egypt erabili dute. Eta etiketa oso erabilia bilakatu da mundu osoan zehar horren inguruan informazioa jaso eta bidaltzeko. Aurreko batzuetan ere ikusi dugu #ecuador edo #iran etiketak erabiltzen. Meme bat hedatzeko dira, ideia bat, kontzeptu bat.Euskal Herrian ere bada aukera sare sozialak aldaketaren alde erabiltzeko. Greba Orokorra izan genuen joan zen astean eta #greba orokorra izan zen espainiar estatuko hitzik erabilienetako bat. Sare sozialek badituzte alde txarrak, noski... erabil ditzagun modu eraginkor batean!Galder Gonzalez