Gure futbol taldeen jardunaldi kaxkarra

Guaixe 2011ko otsailaren 8a

Hirugarren maila. Lehen multzoa. 24. Jardunaldia: Lagun Artea 0 - Izarra 3Izarrak goian zergatik dagoen erakutsi zion Lagun ArteariPartida bikaina jokatu zuten igandean Lakuntzako Lagun Arteak eta Izarrak. Izarra bigarrena da sailkapenean, eta nabaritu zen. Dominatzen hasi ziren baina Lagun Arteak ez zizkion gauzak batere erraztu Izarrari. Ondorioz, bisitariak ez zeuden eroso eta kosta egin zitzaien Lagun Artearen atera iristea. Baina bigarren zatian gauzak zeharo aldatu ziren. Ongi atera zen Lagun Artea, baina Izarrako Palacios jokalariaren sarrerak eta lehen zatian egindako esfortzuak eragina izan zuen Lagun Artean, eta beherakada izan zuten. Izarrak partida handia egin zuen hortik aurrera eta bigarren postuan zergatik dagoen erakutsi zuen, hiru gol sartu baitzituen. Ziurrenik Zelai Berritik orain arte pasatu den talde onena izan zen. Bost partida galdu gabe egon ondoren Izarrak Lagun Artearen bolada ona apurtu zuen, baina merezimendu osoz izan zen garailea. Sailkapen orokorrean Tudelanok jarraitzen du lider. Lakuntzako taldea 15. postuan dago. Igandean Tuteran jokatuko du Lakuntzako taldeak, Tudelano lider handiaren kontra. Partida oso konplikatua izango da eta Tudelano da faborito nagusia, baina Lagun Arteak sorpresa eman nahiko du. Ea lortzen duen. Preferente maila. Preferente maila: Erriberri 8 - Etxarri Aranatz 1Etxarri burua altxa ezinikHorrela dabil aspaldian Etxarri Aranatz, burua altxa ezinik. Erriberri jaun eta jabe izan zen hasieratik, eta Etxarrik ezer gutxi egin ahal izan zuen Erriberriko etengabeko erasoak gelditzeko. Erriberriri dena atera zitzaion eta oso ongi jokatu zuen, 8 gol eginez. Horietatik 5 gol Josebak sartu zituen, eguneko protagonistak hain zuzen. Aldiz, Etxarri noraezean aritu zen. Subiza da preferente mailako liderra, 40 punturekin. Etxarri azkena da, 16.a, 13 punturekin, putzuan gero eta sartuagoa. Larunbatean etxean jokatuko du Etxarrik, seigarrena den Avance Ezkabarte taldearen kontra. Ea etxarriarren erreakzioa datorren. Erregional maila. Laugarren multzoa. Beti Kozkor 6 - Altsasu 2Beti Kozkorrek menpean hartu zuen AltsasuLekunberrin jokatutako partidan hasieratik dominatu zuen Beti Kozkorrek; 23. minuturako 5-0 aurreratu ziren lekunberriarrak eta altsasuarrek ezer gutxi egin zuten. Santa Agedako ospakizunek eragina izango zuten, akaso. Horrela joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Altsasu saiatu zen eta 5-2 hurbildu ziren Ibonek eta Yoelek sartutako golei esker, baina Beti Kozkorrek altsasuarren erasoak gelditu nahi izan zituen eta 78. minutuan sartutako seigarren golarekin partida sententziatuta utzi zuen.  Baztan da erregional mailako laugarren multzoko liderra, 48 punturekin. Altsasuk 13. postuan jarraitzen du, 15 punturekin. Larunbatean Altsasuk 9 punturekin azkenaurrekoa den Lezkairu hartuko du Dantzalekun. Ea garaipenaren xenda berreskuratzen duen.