Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateko Kirol zerbitzuak, Nafarroako Kirol Institutuaren eta Herri Kirol Federazioaren laguntzaz Sakanako Aizkora Eskola antolatu dute beste behin. Aizkoran aritu eta ikasi nahi dutenei non aritu eskaintzea da helburua, eta, horretaz gain, ofizio handia duten irakasleekin ikas dezatela. Aizkora eskola martxoaren 2an hasiko da lanean eta ekainean despeditu. Klaseak nazabaldarrek Etxarri Aranatzen duten bordan emango dira, asteazkenetan 19:30etik 20:30era eta larunbatetan 12:00etatik 13:00etara. 10-30 urte bitarteko gazteek eman ahal dute izena aizkora eskolan, eta 45 euroko kuota bakarra ordaindu beharko dute. Izena emateko Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzura hots egin behar dute (948 464 866). Irakasleak Floren Nazabal txapeldun handia, haren aita Juan Mari Nazabal aizkolari ohia eta Jose Ignazio "Axio" Flores aizkolari arbizuarra izango dira. Aizkolari harrobi bikainaSakanako Aizkora Eskola 2005 urtean antolatu zen lehenengoz eta ordutik urtero gauzatu da. Balorazioa oso positiboa da, bai bertara ikastera jotzen duten etorkizuneko aizkolariena eta baita monitoreena. Izan ere, eskola sortu arte familian edo etxean aizkora girorik ez zuenak zaila zuen aizkorarekin hastea, besteak beste materiala -egurra eta beste- eta formazioa behar baitira. Iaz 16 ikasle aritu ziren eskolan. Bestalde, Sakanako Aizkora Eskola aizkolari harrobi bikaina da, bertatik aizkolari ugari atera direlako. Esaterako, duela bi aste Sakanako Aizkora Txapelketa antolatu zuen Egur Sportek, eta bertan aritu ziren 6 aizkolari sakandarretatik 5 aizkora eskolatik ateratakoak ziren.