Pelaezek eta Arbizuk Sakanako VI. Atletismo Kopa jaso zuten

Guaixe 2011ko otsailaren 9a

Etxarri Aranazko Lasa Kirolak dendak Sakanako VI. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria torneoko sari ematea hartu zuen astearte gauean. Lau probek puntuatzen zuten koparako: maiatzaren 29an Bakaikun eta Iturmendin jokatutako VI. Aitzkozar Herri Krosak, irailaren 18ko Ergoienako Birak, azaroaren 21ean Urdiain eta Ziordia artean jokatutako Sakanako X. Herri Lasterketak eta urteko azken egunean jokatutako Altsasuko San Silbestrea. Antolakuntzak lau proba hauetan aritu ziren korrikalariak saritu nahi izan zituen. "Korrikalariek egindako postuak kontuan hartuz beste korrikalari batzuk puntu gehiago zituzten, baina guk proba guztietan parte hartu izana saritu nahi izan dugu. Mutiletan lau probetan parte hartu zutenak bazeuden, baina emakumezkoetan ez, eta kasu honetan puntu gehien lortu zituztenak saritu ditugu" azaldu zuen Amaia Gerrikagoitia Mankomunitateko kirol teknikariak. Txapeldunak eta sariakHorrela, emakumezkoetan Jone Pelaez altsasuarra izan da kopako txapelduna, Edurne Razkin etxarriarraren eta Maitane Txueka arbizuarraren aurretik. Eta gizonezkoetan Israel Arbizu etxarriarra nagusitu zen Santi Agirre iturmendiarraren eta Ismael Lopez de Goikoetxea altsasuarraren aurretik. Irabazleek (emakumeak eta gizonak) 80 euro jaso zituzten Lasa Kirolak dendan kirol materialarekin trukatzeko, bigarrenek 60 euro eta hirugarrenek 40 euro. Eta horretaz gain, Mankomunitateko materiala zozketatu zuten kopako lau probetan parte hartu zutenen artean. Santi Agirre izan zen zortekoa. Jone Pelaezek adierazi zuen Sakanako probetan parte hartzea gustatzen zitzaiola eta hemendik kanpo ez dela proba hain motzetan aritzen. Izan ere Jone gehiago aritzen da mendi lasterketa gogorretan, eta zenbat eta luzeagoak izan, orduan eta hobeki moldatzen da. "Aurten hiru mendi lasterketa luze egingo ditut, maiatzean 125 km-ko bat Santanderren, ekainean 168 km-ko Ehunmilak ultratraila Beasainen, eta abuztuan Mont Blanceko ultratrail gogorra. Ez dakit Zegama-Aizkorri probarako hartuko nauten, eta Sakanakoetatik Lakuntzako eta Olaztiko mendi lasterketak egingo ditut. Horretaz gain herrietako lasterketak, Sakanako Kopakoak" dio altsasuarrak. Israel Arbizu etxarriarra Hiru-Herri taldean ibiltzen da eta gustura dago bertan entrenatzen. "Aurten kroseko lasterketak korritu ditut taldearekin eta orain atseden pixka bat hartuko dut gero pistako probetan aritzeko: 800 m, 1.500 m, oztopo-lasterketa... Nafarroan taldeka lehendabizikoak geratu gara eta horregatik Espainiako txapelketara joango gara. Segovian izango da, martxo inguruan. Eta gero ez dakit indibidualetarako Nafarroako selekziotik hots egingo didaten. Iaz Maitane Txueka eta ni aritu ginen taldean, eta aurten ikusi behar. Gero udan izaten dira lasterketa gehienak, eta non aritu aukeratu egiten dut. Niri hemengoak gustatzen zaizkit gehien, Sakanako herri lasterketak, giroa politena delako. Eta hemen ariko naiz" dio etxarriarrak. www.sakana-mank.comGainontzeko sailkapena begiratzeko.