Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean urteko gala egin zuen Nafarroako Tiro Federazioak, eta tartean urteko balantzea egiteaz gain, urtean maila bikaina eman duten tiratzaileei domina banatu zieten eta afari eder batera gonbidatu. Tartean zegoen Jose Carlos Jimenez "Kali" altsasuarra. Berarendako izan zen dominetako bat. Bere tiro lagun Enrique Urrarendako ere domina izan zen, nahiz eta olaztiarrak ez zuen festan izaterik izan. Tiratzaileei errekonozimendua egiteko modu polita izan zen ostiraleko gala. Denboraldi bikainaBiak foso modalitatean ibiltzen dira. Kalik urte mordoa daramatza tiro olinpikoan eta plater tiraldietan, eta Enrique Urra, aldiz, duela gutxi hasi zen, baina biek primerako maila eman dute aurten. "2010ekoa nire denboraldirik onena izan da, zalantzarik gabe, eta pozik nago" dio Kalik. Eta ez da gutxirako. Nafarroako mini-fosoko 3. mailako txapelketa irabazi eta gero Espainiako mini-foso txapelketan aritu zen, eta bertan txapeldunordea izan zen. Horretaz gain Nafarroako foso unibertsaleko 4. mailan txapelduna izan zen, Nafarroako robot txapelketan txapeldunordean, Euskadiko minifoso txapelketan bosgarren edo seigarren postuan sailkatu zen eta tiraldietan fin ibili zen. Barañain, Mendabia eta Zintronikon txapelduna, Zubirin eta Undianon bigarrena eta Taxoaren laugarrena. Gainera, Herrien Arteko Txapelketako finalean txapeldunordea izan zen. "Ezin naiteke kexatu. Aurten erdia lortzen badut, kontentu" gaineratzen du Kalik. Halako denboraldi bikaina egin eta gero, mailaz igo da eta aurten mini-foso mailan lehen mailan ariko da, tiratzaile hoberenekin lehian. "Horrek gehiago entrenatzera eta prestatzera motibatzen zaitu. Ezin zaitezke tiraldietara denbora pasatzeko mentalitatearekin joan, ongi tiratzera joan behar zara eta horretarako prestatu behar zara" dio altsasuarrak. Bestalde, Enrique Urraren progresioa handia izan da. Duela bi urte hasi zen lehiatzen eta iaz Nafarroako foso unibertsaleko 4. mailako txapelketa irabazi zuen eta Nafarroako Foso Olinpikoko 3. mailako txapelketan lehendabiziko hiruren artean sailkatu zen, Espainiako Txapelketan Nafarroa ordezkatzeko beka lortuz, baina ezin izan zuen aritu famili kontuengatik. Nolanahi ere, denboraldi borobila, foso unibertsalean 3.mailara igo baita. Espainiako foso unibertsaleko txapelketa helburuApirilaren 9an eta 10ean Espainiako foso unibertsaleko txapelketa hartuko du Granadak, eta Kali eta Enriquek bertan aritzea dute buruan, bertan estatu osoko tiratzaile onenekin lehiatzeko aukera izango dutelako. Biak 3.mailan lehiatzen ari dira foso unibertsalean. "Orain Espainiakoan aritzeko sailkatze fasea jokatzen ari da Nafarroan, eta sailkatzen diren lehendabiziko biek Espainiako txapelketan aritzeko aukera izango dute, gastu guztiak ordainduta. Uste dut guk aukerak baditugula, momentuz ongi ari garelako. Ribaforadan tiraldi bat eta Elizondon bi geratzen dira, guztiak 50 plateretara, eta ea zer egiten dugun" dio Kalik. Lehendabiziko bi postuetan sailkatzen ez badira, bere kontura eman ahal dute izena Espainiakoan lehiatzeko, baina gastu guztiak bere kontu lirateke eta hori "diru mordoa da" Altsasuko tiratzailearen esanetan. Orain hasi da 2011 urteko tiro denboraldia eta ongi dabiltza Kali eta Urra. Arazoa, betikoa da, dirua. Izan ere kirol honek aurrekontu handia eskatzen du, eta diru-laguntzak, aldiz, urriak dira. "Eskerrak Katealde eta Koska tabernaren laguntza dudan" dio altsasuarrak. Espainiako txapelketetan eta goi mailako probetan aritu nahi dute bi tiralariek, esperientzia hartzeko eta tiroan gehiago murgiltzeko, baina, tamalez, dirua muga izango da. Tiroa kirol oso gogorra da, psikologikoki asko eskatzen duena eta mentalki ongi egotea eskatzen duena. Presioa kontrolatzea eta kontzentrazioa funtsezkoa da. Gainera, puntan egoteko asko entrenatu behar da, lehiaketan aritzen diren tiralariek maila ona dutelako, eta euren artean soilik plater oso gutxiren aldea dagoelako. www.fnavarratirolimpico.comNafarroako federazioaren web orria, tiro olinpikoari buruzko informazio guztiarekin.