Elizondo-Lizarrieta Sakanako Mendizaleekin

Guaixe 2011ko otsailaren 11

Sakanako Mendizaleak taldeak mendi irteera bikaina antolatu du otsailaren 20rako, hau da, hurrengo iganderako. Elizondotik atera eta Lizarrieta gainera iristea da helburua, GR 11 ibilbidea segituz. Lizarrieta (460 m) Nafarroa eta Lapurdi artean kokaturik dagoen mendatea da, Etxalar eta Sara artean dagoena. Larrun eta Sarako leizeetatik gertu dagoen mendate honetan uso ehizan ibiltzen dira. Hain zuzen ere ibilbidean Etxalarko usategietatik eta beste usategietatik pasatzen da. Sakanako Mendizaleek antolatu duten ibilbidea bost ordu eta erdikoa da, 22 km-koa, eta paraje eta paisaia zoragarriaz gozatzeko aukera dago. Horretaz gain,  alternatiba laburrago bat prestatu dute, hiru ordu eta erdi ingurukoa. Autobusa otsailaren 20an aterako da Olaztitik, goizeko 7:00etan, eta Sakanako herrietan geldialdiak eginen ditu, izena eman dutenak hartzeko. Irteerara joateko izena ematea zabalik dago ostegunera arte, otsailaren 17ra arte. Horretarako herrietako mendi arduradunekin egon edo 636 827 166 (Jesus Ubeda) telefonora hots egin daiteke.