Mankomunitateak 5,22 milioi euroko aurrekontua du

Guaixe 2011ko otsailaren 10a

Sakanako Mankomunitateak asteartean egindako batzarrean onartu zuen aurtengo aurrekontua. 5.225.666 euro kudeatuko ditu aurten ibarreko erakundeak. Diru kontuen alde bederatzi boto izan ziren (NaBai eta independenteak) eta zazpi kontra (ezker abertzalea). Sakanako Mankomunitateak abenduan onartu behar zituen bere aurrekontuak, baina Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko Udalek aurrekontuaren onarpena atzeratzea eskatu zuten, ordaindu beharreko kuotak altuak zirelako. Udal horien ordezkariak eta mankomunitateko lehendakari Migel Angel Zubiriaren arteko bileren ondoren etorri da aurrekontuen onarpena. Guztira 87.000 euro murriztu da Sakanako Mankomunitatearen  aurrekontua. Orokorrean udalek gutxiago ordainduko diote ibarreko erakundeari. Ekonomia krisiak haien diru sarreretan eragina izan duelako. Bestalde, Sakanako Mankomunitateko dirua murrizketak non eta nola egin behar ziren, egokia ote zen edo ez, eztabaida sortu zuen aldeen artean. EuskaraEuskara Zerbitzuak aurten 37.300 euro gutxiago izanen ditu. Aurrekontuaren jaitsiera hori herrietan egiten diren euskarazko kultur jardueren zirkuitua desagertzea ekarri du. Horretaz gain, udalekuetara bideratzen ziren 25.000 euroak erdira jaitsi dira. Eta Mintzakide programarako bideratuak zeuden 16.000 euroetatik 6.000ra jaistea proposatu zen. Sakanako AEKko kide batek hitza hartu zuen batzarrean eta  Mintzakide programaren garrantzia azpimarratu zuen. Horrekin batera, programa ikasturte akaberara arte luzatzeko eskaera egin  zuen. Bere eskaera kontuan hartu zuen batzarrak eta beste 4.000 euro gehituko zaizkio, iazko diru gerakinatik aterako dena. Mintzakide programak, beraz 10.000 euro izanen ditu. KirolaKirol Zerbitzuaren aurrekontuak 19.000 euro gutxiago izanen ditu kudeatzeko. Astearteko batzarrera programa jakinetatik dirua murrizteko proposamen zehatza eraman zen. Baina kirol teknikaria entzun ondoren erabaki zen bera eta kirol batzordeko buruak zehaztuko zutela aurreikusitako jardueretako zeinetan kenduko zen dirua, 19.000 euroko murrizketa lortzeko. Sakanako Mankomunitateak, bestalde, aurten lanaldi erdian aritzeko turismo teknikari bat kontratatzeko asmoa zuen. Baina egoera ekonomikoa kontuan izanda kontratazioa bertan behera uztea onartu zen. 30.000 euro zeuden kontratazio horretarako aurreikusita.HondakindegiaSakanako Mankomunitateak aurten bi inbertsio nagusi eginen ditu. Horietako bat da  Arbizuko hondakindegian egin beharreko egokitzapenak. Hondakindegiaren zati bat itxi eginen da. Horretaz gain, ingurumen baimen bateratura egokitu beharra dago etengabe eta, aldi berean, Europako legedia bete behar dena. Hori guztia egin ahal izateko Sakanako Mankomunitateak 1.014.000 euro bideratuko ditu.Ur ZerbitzuaMank-ek 1.118.644 euro bideratuko ditu aurten Urdalurtik abiatzen den ur sarea Lakuntzatik Ihabarrera luzatzeko. Bestalde, mankomunitatearen aurtengo aurrekontuan estreinakoz uraren goi- eta behe-hornikuntza agertzen da. Uraren Zerbitzu integrala Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaini eskaintzen die, eta  baliteke Olatzagutiari ere eskaintzea.Ordenantza fiskalakAstearteko bilkuran Sakanako Mankomunitateak aurtengo ordenantza fiskalak onartu zituen. Prezio publikoen ordenantzan ez beste gainontzekoan adostasuna egon zen.Prezio publikoen ordenantzan haurrak udalekuetara bidaltzeagatik ordaindu beharrekoa dago jasoa. Diru-sail hori erdira murriztu denez, gurasoek ordaindu beharrekoa igo egin da. Horregatik, ordenantza horren onarpenean ez zen adostasunik egon.