Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskarazko hedabide ez publikoetako ordezkaritza oso zabala bildu zen asteartean Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean, aipatu komunikabideek elkarrekin partekatu duten gogoetaren berri emateko. Tartean zegoen Guaixe aldizkariko eta Beleixe irratiko ordezkari Ainhoa Urretagoiena. Topagune Euskara Elkarteen Federazioko koordinatzaile Jasone Mendizabal mintzatu zen guztien izenean. Euskarazko hedabide ez publikoetako datu potoloak eman zituen Mendizabalek: 100dik gora hedabide direla, 620tik gora langile, 27.000.000 eurotik gorako aurrekontua mugitzen dutela... eta nabarmendu zuen datu horiek erakusten dutela euskarazko hedabide ez publikoen sektorea "sektore ekonomiko bizia eta kontuan hartzekoa" dela. "Zergatik? Informazio mailan gizartearen informazio eskubidea asetzeko bidea ematen duen sektorea delako; euskararen normalizazioan, aho batez onartzen den bezala, hizkuntza normalizaziorako eragile nagusietakoak garelako hedabideok; eta, arlo ekonomikoan, lanpostuak sortzen ditugulako eta kontuan hartzeko moduko ekarpena egiten duelako sektoreak gizarte segurantza eta zerga bidez" azpimarratu zuen Jasone Mendizabalek. Topaguneako koordinatzaileak aipatu zuen diruz lagundutako sektorea dela aipatu hedabideena "hala behar duelako, merkatu parametro hutsetan bizirauterik ez duelako eta funtzio publiko ezinbestekoa betetzen duelako. Baina azpimarratu nahi dugu, sektore honek jasotzen dituen laguntza publikoetatik zati handi bat berreskuratzen duela gizarteak, baita parametro ekonomikoetan ere". KrisiaGainontzeko sektoreak bezala, krisi garaiak bizi dituzte aipatu hedabideek. Lehendik ere diru baliabidez larri zebiltzan hedabideak gogor astindu ditu krisi ekonomikoak. "Erronka berriei aurre egiteko sostengu erantsi bat behar izan dugunean, laguntzak murriztuta ikusi ditugu, krisiaren aitzakian. Horren ondorioz, gure borondatearen kontra biziraupena gure egunerokoaren erdigunean kokatu da" azaldu zuen euskarazko hedabide ez publikoen ordezkariak. Gaineratu zuen hedabideen bokazioa ez dela bizirautea, garatzea baizik, euskal hiztunen komunitatearen nahiari erantzutea, eskaintza etengabe egokituz eta aberastuz. Erakundeei egindako eskaria: baliabide gehiago eta publizitate gehiagoHorregatik guztiagatik instituzioei laguntzetan baliabide gehiago ematea eskatu zioten "sektorea indartzeko, egoera berrira egokitzeko behar dituen inbertsioak egiteko eta zabalkunde handiagoa lortzeko". Halaber, egungo laguntza deialdiaren dinamikatik bide egonkorragoetarako urratsa egin beharra dagoela eskatu zuten, "urteroko zalantza egoera gainditu eta laguntzaren zenbatekoa urte hasieran ezagutzeko. Finean, egonkortasuna kopurutan eta azkartasuna prozedura eta ebazpenetan". Eta publizitatearen gaian Jasone Mendizabalek aipatu zuen "agerikoa dela instituzioek eta erakunde nagusienek ez dutela euskarazko hedabideen indarra kontuan hartzen. Topaguneako koordinatzaileak gaineratu zuen "duela hiru urteko datuek erakusten dutela euskaldunen erdiak baino gehiagok kontsumitzen dituztela euskarazko hedabideak, beraz agerikoa da medio eraginkorra dela publizitaterako, baina publizitate inbertsioa ez da maila berean egiten. Publizitate instituzionala egiterako orduan beste politika bat behar da eta horretan eragin nahi dugu". Ordezkariekin elkartzeko asmoaEgoerari eta zailtasunari aurre egiteko hurrengo asteetan instituzio nagusienetako eta alderdi politikoetako ordezkariekin elkartzeko plana lotzen ari dira euskarazko hedabide ez publikoak. Zuzenean sektorearen berri eman nahi diete eta politika aldaketarako proposamenak lantzea da helburua. Mendizabalek azpimarratu zuen "sektoreak prestasun osoa duela eragile guztiekin gaia landu eta akordio eta politika zehatzak adosteko". www.blogak.com/ehedabideakEuskarazko hedabideek hainbat ekimen eginen dituzte elkarrekin. Horren berri hedabide bakoitzean eta horretarako propio sortu den aipatu web gunean jaso daiteke. Euskarazko hedabide ez publikoetako datu potoloak-100dik gora dira euskaraz ari diren hedabideak, prentsa, irratia, telebista eta internet kontuan hartua. -620tik gora dira hedabide horietan lanean ari diren langileak. -Guztien artean, urtean 27.000.000 eurotik gorako aurrekontua mugitzen dute. -7.000.000 euro inguru sortu eta ordaintzen dituzte zuzenean gizarte segurantza eta zerga bidez (BEZ eta PFEZ). -7.500.000 euro jasotzen dituzte diru-laguntzen bidez.-2007ko abenduan CIESek propio egindako azterketa batek zioen euskarazko hedabideak 450.000 lagunengana iristen direla, hau da, euskaldunen %57 dela euskarazko hedabideen jarraitzaile.