Sakanako Mendizaleak, beste 25 urte betetzeko asmoz

Guaixe 2011ko otsailaren 18a

Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak ilbeltzaren 21ean antolatutako Mendizaletasunaren Galan 25 urte bete dituen Sakanako Mendizaleak taldeari errekonozimendua egin zitzaion eta oroigarri bat jaso zuten aipatu taldeko ordezkariek. Bada, Sakanako Mendizaleak taldeak aurten antolatutako lehen irteera horretan parte hartu zuten mendizaleek - Mañaria-Leurgane ibilbide ikusgarria - , argazki ederra atera zuten Mendizaletasunaren Galan jasotako oroigarriarekin. Taldea osasuntsu dago eta ea beste horrenbeste urte eta gehiago betetzen dituen. Bestetik, Sakanako Mendizaleak taldeak otsailean antolatutako mendi irteera igandean izanen da, otsailaren 20an. Elizondotik atera eta Lizarrieta gainera iristea da helburua, GR 11 ibilbidea segituz. Ibilbidean Etxalarko usategi ederretatik pasako dira. 22 km-ko ibilbidea da, 5 ordu eta erdikoa, baina alternatiba moduan 3 ordu eta erdiko beste ibilbide laburrago bat prestatu dute. Autobusa igandean aterako da Olaztitik, goizeko 7:00etan, gainontzeko herrietan geldialdiak eginez. Izena emateko epea pasatu da, baina tokirik balego 636 827 166 (Jesus Ubeda) telefonora hots egin daiteke izena emateko.