Abian da Nafarroako Mendi Ibilbideen 2011ko Zirkuitua

Guaixe 2011ko otsailaren 18a

Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuituak duen arrakastaren isla, aurten 10 proba izango ditu Nafarroako Mendi Federazioak hainbat kluben laguntzarekin antolatzen duen zirkuituak, pasa den urtean baino bi gehiago. Hori dela eta, inoiz baino lehenago abiatuko da zirkuitua, igande honetan, otsailaren 20an, hain zuzen ere. Corellan XV. Yergako Martxa antolatu dute, 26 km dituena eta 889 metroko desnibel pilatua. Hortaz, botak eta motxila jantzi, makilak hartu eta mendiko bidea hartuko dute mendizale askok, tartean sakandarrak. Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuituak dituen 10 probetatik 2 Sakanan gauzatuko dira. Apirilaren 2an izanen da Altsasuko IV. Mendi Ibilaldia, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutakoa (42 km, 2.100 m desnibela), eta apirilaren 30ean Sakanako XXII. Ibilaldi Handia, Irurtzungo Iratxo klubak antolatutakoa eta zirkuituko proba beteranoena eta luzeena (54 km eta 2.800 m desnibela).  Pasa den urtean 4.268 mendizalek hartu zuten parte Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuituan eta horietatik 104 mendizale federatuk gutxienez lau proba osatu zituzten, Nafarroako Federazioak antolatutako Mendizaletasunaren Galan diploma jasoz, tartean sakandarrak. Aurten parte-hartzea gainditzea espero da eta antolatzaileek aipatu zirkuituan parte hartzerakoan Nafarroako mendi eta txoko ezberdinak ezagutu eta paisai ederrez gozatzeko gomendioa egin diete mendizaleei. 10 probak-XV. Yergako Martxa. Corellan, otsailaren 20an (26 km, 889 m desnibela).-I. Caseda Martxa Zirkularra. Casedan, martxoaren 20an (28,75 km, 1.298 m desnibela). -Altsasuko IV. Mendi Ibilaldia. Altsasun, apirilaren 2an (42 km, 2.100 m desnibela).-VI. Martxa Ameskoarra. Larraonan, apirilaren 16an (45 km, 1.000 m desnibela).-Sakanako XXII. Ibilaldi Handia. Irurtzunen, apirilaren 30ean (54 km, 2.800 m desnibela edo 46 km, 2.000 m desnibela).-Alaizko XII. Mendi Ibilaldia. Etxaguen, maiatzaren 14an (39 km, 2.000 m desnibela edo 28 km, 1.450 m desnibela).-Baztango XVIII. Mendi Ibilaldia. Elizondon, maiatzaren 29an (36 km, 2.050 m desnibela).-Aralarko XII. Mendi Ibilaldia. Lekunberrin, garagarrilaren 18an (46 km, 1.700 m desnibela). -Aresoko IV. Itzulia. Areson, irailaren 4an (26 km, 1.200 m desnibela). -Berako X. Itzulia. Beran, irailaren 18an (28 km, 2.800 m desnibela).