Ikastolak zer diren komunikatzeko plana

Guaixe 2011ko otsailaren 18a

Sakanako hiru ikastolek, Andra Mari, Iñigo Aritza eta Txiokak komunikazio plana egin berri dute. Beleixe Irratian (FM 107,3) haren berri eman zuten Adur Goikoetxeak eta Jone Aretak, Andra Mari eta Txioka ikastoletako zuzendariek. Aretak esan zuenez, "gure hezkuntza eredua gizarteratu eta indartu nahi genuen. Barrura begira, eta kanpora begira". Txiokako buruak azaldu zuenez, familiek eta ikasleek haien mailari dagokion informazioa bazuten, baina orokorra falta zutela. "Kooperatiba garela, asanbladan familiek parte hartu eta erabakitzeko aukera dutela". Eta, bestetik ikastolen hezkuntza komunitate guztiari beste geletan egiten diren proiektuen, ikasbidaien eta bestelakoen berri ere  eman nahi zaie, "gure familiek jakin dezaten argi eta garbi zer den ikastola". Aretak nabarmendu zuenez, "gaur egun oso garrantzitsua da guraso batek jakitea ikastolaren bai arlo pedagogikoa baita kudeaketa ere nola eraman behar den. Edo erabaki bat hartu behar denean berak erabaki hori hartzeko gaitasuna izatea". Hori beste hezkuntza eredu batzuetan bermatzen ez dela nabarmendu zuen. "Euskal Curriculumean zer eduki landuko ditugun, proiektu pedagogiko batean sartuko garen edo ez, bat datorren guk kalitatea definitzen dugun horrekin, edo guk lortu nahi dugunarekin. Hori oso garrantzitsua da eta argi utzi behar da". Goikoetxeak gaineratu zuenez, "ikastolok daukagun potentzialitate handiena gure hezkuntza proiektua da". Haiek sortutako ereduari Europak hainbatetan kalitatea aitortu diela nabarmenzuen Andra Mari ikastolako zuzendariak. Goikoetxeak gaineratu zuenez, "guk ibilbide luze bat dugu zeinetan erakutsi dugun gauzak oso ondo egiten ditugula". Eta horrela azaldu zuen komunikazio planaren beharra: "Egiten dugun hori ez dadila gure gela barruan gelditu, baizik eta gizarteratu dezagun eta jendeak jakin dezala nola egiten dugun lan eta zer den gure hezkuntza proiektua eta zer eskaintzen duguna". PlanaIkastolek komunikazio plan baten beharra sumatu zuten aurtengo aurrematrikulazio kanpaina elkarrekin egiten hasi zirenean. "Barruan sumatzen genuen, nolabait, gizartean garai batean argi zegoela ikastola eredua zer zen, baina gaur egun ez dela horren argi zer den ikastola eta zer eskaintzen dugun ", azaldu zuen Aretak Beleixe Irratian (FM 107,3). Haiek hasi ziren komunikazio plana ontzen eta Ikastolen Elkartearen laguntza izan zuten osatzeko. Parte hartzea bulkatu nahi du planak. Bi zuzendariek esan zutenez, "gure ustez hezkuntza komunitatea ez dute bakarrik osatzen gaur egun ikastolan daudenek, baizik eta garai batean ikastola sortzen lagundu zutenek eta berau aurrera egiten lagundu zutenek ere;_eta guzti horien laguntza bermatu nahi dugu, parte hartzea". Sakanako hiru ikastolek prestatu duten komunikazio plana hiru urterako da, baina ez da dokumentu itxia. Abenduan familiei opariak erosteko orduan emandako aholku batzuekin abiatu zuten. Eta ikasle ohiak protagonista diren matrikulazio kanpainarekin izan du segida. Aurrera begira ikastolen barruko komunikazio moduak sistematizatu nahi dituzte. Horretaz gain, ikastetxe bakoitzaren aldizkariak eta IKT-ak erabiliko dituzte barrura eta kanpora begira.