Sistemak "larru gorritan" uzten gaituela salatu dute

Guaixe 2011ko otsailaren 17a

Sakanako Gazte Independentistak taldeak hainbat ekimen burutu ditu egunotan Sakanan, "zuen aberastasunak larru gorritan uzten gaitu" lelopean. Hainbat banku eta entitateetan arropa zintzilikatuz "sistema kapitalista burutzen ari den eraso guztiek eta sistemak berak larru gorritan uzten gaituela" irudikatu nahi izan dute. Sakanako Gazte Independentistak taldeak bidalitako oharrean jasotzen denez, "zuen aberastasunak miseriara kondenatzen gaitu, kale gorrira, hezkuntza sistema ustel batera, langabeziara, gure osasuna arriskuan jartzen duten proiektu txikitzaileak jasatera, pentsio ziztrin bat jasotzeko bizi osoan epe laburreko kontratu prekariotan lan egitera... Zuek aberasten zareten bitartean larru gorritan gaude Euskal Herriko eta Sakanako gazteok". Oharrean gaineratzen da, banketxeak, politikoak eta enpresari eta espekulatzaileak direla errudunak, "eta botere ekonomikoak aspaldi erosiak dituen UGT eta CCOO sindikatuekin elkarlanean azken urteetako eskubide murrizketarik bortitzenak burutzen ari direla". Horrela, langileon borrokaren ondorioz urte luzeetan lortutako oinarrizko eskubideak "errotik mozten ari dira euren mesedetan eta guztia krisiaren izenean". Hor kokatu dituzte pentsioen erreforma, EEEak, aurrekontu murrizketak eta beste. Gainera, neurri hauek hartzea beharrezkoa denik ukatu egin dute. "Neurri hauek beharrezkoak direla esaten dute, etorkizunean lanpostuak sortzeko eta etorkizuneko pentsioak bermatzeko, baina gezur hutsa da". Egoera salatzeko ilbeltzaren 27an deitutako greba arrakastatsua izan zela gogoratu dute Sakanako Gazte Independentistak taldekoek, baina "pertsonen arteko berdintasuna ekarriko duen sistema sozialista" dutela helburu eta "langileen eskubideen alde eta gure bailararen biziraupenaren alde borrokan" jarraituko dutela nabarmendu dute.