Herriko tabernen epaiketa aurten egin nahi dute

Guaixe 2011ko otsailaren 17a

Herriko tabernen edo 35/02 auzia zabalik du Espainiako Audientzia Nazionalak. Berri agentziek zabaldu dutenez aurten egin nahi dute epaiketa. Herriko tabernek ETAren diru iturri gisa erabiltzea da salaketa eta, horregatik, 39 euskal herritar epaituko dituzte. Horien artean hiru sakandar daude. Bere garaian zabaldutakoaren arabera, fiskaltzak hamar urteko espetxe zigorra eskatu du Juan Kruz Aldasororendako erakunde terroristako kide izatea egotzita. Fiskaltzak, bestalde, zortzi urteko espetxe zigorra eskatu du Joseba Garmendiarendako eta Jaione Intxaurragarendako, erakunde terroristako kolaboratzaile izatea egotzita. Auzipetzeen inguruan hamar inputatuk jarri zituzten azken helegiteak atzera bota ondoren jakin da Espainiako Auzitegi Nazionalaren asmoa epaiketa aurten egitea dela. BideaDuela 11 urte abiatu zuen auzia Baltasar Garzon epaileak, Batasunaren arlo ekonomikoa ikertzeko argudioarekin. 2002ko apirilean hasi ziren atxiloketak. Horrekin batera, Batasunaren 20tik gora egoitza itxi zituzten eta 75 herriko tabernari bahimendua ezarri zieten. Hilabete batzuk geroago, Batasunaren jarduera eten zuen Garzonek. 2008an despeditu zuen instrukzioa eta auzitegiko salaren esku dago sumarioa, epaiketarako bidean. Zigor eskaerak jasotzen diren testuan, fiskaltzak bat egin du instrukzio epailearen arrazonamenduekin. Batasuna, HB eta EH bezala, ETAren tresna dela argudiatu du. Fiskaltzaren arabera, Batasunak finantzatuko luke ETA, besteak beste, herriko tabernen bidez.