Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak zabaldu duenez, 52 urteko gizon lakuntzar bat hiru egunetako epean bitan atxilotu du foruzaingoak, emazte ohiaren etxera sartzeko ahaleginetan. Otsailaren 8an dei bat jaso zuten Foruzaingoan, patruila baten presentzia eskatuz. Nonbait, pertsona batek jarrera biolentoa omen zuen Lakuntzako etxebizitza baten aurrean. Foruzainak bertara iritsi zirenean ikusi zuten pertsona batek etxebizitzako atea behartu zuela eta etxebizitzan jasotako lekukotasunengatik ondorioztatu zuten etxe horretako bizilagun baten senar ohia izan zitekeela, 52 urtekoa, herrian bertan bizi dena eta nonbait emazte-ohia mehatxatu zuena. Foruzainak gizona lokalizatu zuen, guztiz asaldatutako egoeran. Hark foruzainak mehatxatu zituen eta euren kontra hainbat objektu bota zituen. Ondorioz, gizona atxilotu zuten beraren kontra ondoko akusazioak eginez: familian tratu txarrak ematea, kalteak, bizilekua bortxatzea eta agintaritzaren agenteei erasotzea. Epaileak haren bikote-ohiarenganako aldentze-agindua dekretatu zion gizonari. Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez, epailearen agindua beteko ez zuelakoan, emakumearen bizilekua zaintzeko dispositiboa martxan jarri zuen Foruzaingoak. Horrela, hiru egun beranduago, otsailaren 11n, zaintza zerbitzuan zeuden agenteek gizona atzera ere, emazte-ohiaren etxera sartzeko ahaleginetan zegoela ikusi zuten. Hori ekiditera joan zirenean, gizonak foruzainak kolpatu zituen, jokaera oso agresiboarekin. Atzera ere atxilotua izan zen, kasu honetan ondoko delituen ustezko egile bezala: autoritate judizialari desobedientzia larria eta agintaritzaren agenteei erasoa. Sexu indarkeria jasaten duten biktimendako aholkuak:- Erasoa gertatzear bada. Ahal izanez gero, berehala Poliziari deitu. Foruzaingoaren larrialdi zenbakia 112 da.- Erasoa gertatuz gero. Konfiantzazko norbaiti kontatu gertatutakoa, eta laguntza eskatu.- Zauriak edukiz gero. Gertuen dagoen osasun etxera joan, gertatutakoa azaldu eta medikuaren txostena eskatu. Txostena oso garrantzitsua da salaketa jartzeko orduan.- Zauriak izan gabe ere. Udaletako gizarte zerbitzuetan laguntza psikologikoa, juridikoa eta ekonomikoa eska dezakete biktimek.- Babesa behar izanez gero. Eskatu babes agindua polizia etxean, auzitegian edo gizarte zerbitzuetan.-Informazio gehiago. Eguneko 24 ordutan eskura dago 016 doako telefono zenbakia, Espainiako Gobernuak biktimen arretarako jarritako telefonoa. Deiak ez du arrastorik uzten telefono fakturan.