Langabeziak gora egin zuen ilbeltzean

Guaixe 2011ko otsailaren 16a

Azken bi hilabeteetan markak hausten ari da langabezia Sakanan. Ilbeltzean berriro ere gora egin zuen langabetuen kopuruak.  Sakanako 15 udalerrietatik bederatzitan egin zuen gora langabeen kopuruak: Altsasun 26, Olatzagutian 7, Etxarri Aranatzen 5, Arbizun 2 eta Arruazun, Lakuntzan, Bakaikun, Iturmendin eta Urdiainen bana. Langabeziak, berriz, behera egin zuen 5 herritan: Irurtzunen 8 gutxiago, Arakilen 2 eta Irañetan, Uharte Arakilen eta Ziordian bat gutxiago. Ergoienan ez da aldaketarik egon eta 10 pertsona lan bila jarraitzen dute. Generoari dagokionez, langabetu gehienak emakumeak dira: 851 (%55,54), aurreko hilean baino 23. Ilbeltza akaberan  lan bila zeuden gizonak 681 (%44,45) ziren, 9 gehiago. Adinari erreparatuz gero langabe sakandarren erdiak, 790ek (%51,56) 25 eta 44 urte artean dituzte, aurreko hilean baino 6 gehiago. Haietatik 439 emakumeak dira eta 351 gizonezkoak. 45 urte baino gehiago dituzten langabetuak 543 (%35,44 dira), aurreko hilean baino 21 gehiago. Lana bilatzen ari diren 45 urtetik gorako sakandarren artean 309 emakumeak dira eta 234 gizonak. Azkenik, 25 urte baino gutxiago dituztenak daude, 199 guztira (%12,98), abenduan baino 5 gehiago. Lan bila dabiltzan gazteetatik 103 emakumeak dira eta 96 gizonak. SektoreakAltsasu eta Iruñeko enplegu bulegoetan erregistratutako Sakanako langabeen erdia, %51,04, zerbitzutan lan egin nahiko luke. Guztira 782 sakandar, abenduan baino 26 gehiago. Industriak sakandarren lan eskaeren heren bat, %33,28, jaso du. Hau da, 510 pertsonek lan egin nahiko lukete industrian, aurrekoan baino bat gutxiago. Eraikuntzan lan egiteko 128 (%8,35) lan eskaera daude enplegu bulegoetan, abenduan baino 3 gehiago. Lehen sektorean aritzeko prest dauden sakandarrak 32 dira (%2,08), aurreko hilean baino 3 gehiago. Azkenik, aipatu beharra dago aurretik lanik egin ez duten pertsonen kopurua ere hazi egin dela, bat gehiago dago, 80ra(%5,22) iritsiz.NafarroaIlbeltza akaberan Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurreko hilabetean baino 2.139 pertsona gehiago zeuden erregistratuta eta langabeen kopuru osoa 45.150 pertsonakoa zen. Gorakada %4,97koa izan da. Generoari erreparatuz gero 23.175 emakumezkoak ziren eta 21.975 gizonezkoak. Imelda Lorea Nafarroako Gobernuko Lan zuzendari nagusiaren esanetan, langabeziak gora egin du batez ere zerbitzuen sektoreak izandako jokabidearengatik, langabeen %95,5 hartu baititu. Loreak gehitu duenez, 2.139 langabe gehiago egotea langabeziak azken lau urteotan ilbeltzean izandako gorakadarik txikiena da. Nafarroako langabeziaren bilakaeraren segida historikoari erreparatuz, hilabete horretan beti gora egiten duela ikus daiteke. Imelda Loreak industria sektorearen portaera ona nabarmendu du, 70 pertsonak lana aurkitzea krisiaren hasieratik, ilbeltzean izandako lehenengo beherakada baita eta Nafarroan hilabete horretan 2004tik izandako beherakadarik handiena.